Itsaso Basauri eta Nerea Berriozabal dira Ebalixu taldeko gazteetako bi. Euren dinamika zerbaiten hasiera lez ikusten du Basaurik: “Azken urteetan ez da lanketarik egin, eta ez da gazteen ahotan ibili den gai bat. Gura duguna da plazara atera eta, behintzat, berba egin dadila honen inguruan”. Berriozabalek esan du transmisioagaz kezkatuta daudela, eta kontraesanean bizi direla uste du: “Euskararen aldeko aldarria egiten dugu, baina gero ez dugu erabiltzen”.
Erabilera eskasaren arrazoiaz galdetuta, Basaurik azaldu du dokumentalean hainbat gako agertzen direla. “Arrazoi bat izan ahal da gaztelaniarako jauzi inkontziente bat dagoela. Norbere erreferenteak bi-hiru urte gehiago dituztenak dira, eta horiek gaztelaniaz berba egiten badute, gaztelaniara jauzi egiteko joera daukagu”. Horregatik, euskara erabiltzeko “jauzi kontziente” bat egin behar dela uste du. Bestalde, erreferenteek euskaraz egitearen garrantzia nabarmendu du Basaurik: “Entrenatzaile batek euskaraz egiteko joera badu, horren araberakoa izango da taldearen erabilera”. Beraz, euskararen alde era aktiboan parte hartzera deitu du. “Sentsazioa daukat euskara beste nor edo nork erabiltzeko itxaroten gaudela”, dio Basaurik.
Geroari itxaron barik, orain eragiteko beharra dagoela uste du Berriozabalek ere: “Nik, Nereak, zer egin dezaket orain?”. Gainera, argitu gura izan du lan hori ez dela bakarrik Ebalixu taldearena, eta ardura herriko gazteen artean banatzeko proposamena egin du. Edozelan ere, kaleko euskaran hutsune orokor bat dagoela uste du, lagunartean kosta egiten dela euskarara jotzea. “Ez bazara libre sentitzen lagunekin brometan zaudenean, zer edo zer faltan dago”. Horretan eragin gura dute.
Berriozabalek adierazi du gazteentzako proiektu “erakargarria eta ez-burokratikoa” sortu gura izan dutela: “Instituzioek ez dituzte erreferenteak sortuko, eta, beharbada, gazteen artean topatu ahal ditugu”.