Futbolari profesional ohiek partidu solidarioak jokatuko dituzte martxoaren 29an

Anboto 2015ko mar. 17a, 17:16

Andoni Ayarza, Juan Mari Zorriqueta, Jose Angel Iribar, Joseba Mugika, Antonio Rodriguez, Isabel Novoa, Jose Mari Zenitagoia eta Aitor Agirre

Martxoaren 29an, jaialdi solidarioa izango da Eleizalde futbol zelaian.

Martxoaren 29a futbolagaz gozatuz elkartasuna adierazteko eguna izango da. Futbolari profesional ohiek osatutako zortzi talde elkarren kontra lehiatuko dira Eleizalden, bertaratzen direnen gozagarri. Sarrerekin batutako diru guztia Elorrioko Kainabera elkarteak Nikaraguan duen proiektu bati laguntzera bideratuko dute.

Goizeko 10:00etatik aurrera Real Sociedad-Eibar eta Osasuna-Barakaldo partiduak jokatuko dituzte; 10:45ean, Racing de Santander-Mirandes eta Athletic Club Bilbao-Logroñes partiduak. Finala 12:15ean jokatuko dute. Sarrerak hiru euro balio du helduentzat; 1 euro 16 urtetik beherakoentzat, eta dohainik da 5 urtetik beherakoentzat.

Futbolari beteranoen elkarteen Espainiako federazioa (FEAFV) orain 10 urte sortu zuten. Lehen eta bigarren mailako futbol klubetako 57 elkarte (6.000 jokalari) batzen ditu bere barruan. Lurraldeka banatuta ligak jokatzen dituzte. Iparraldekoan 800 bat jokalari ohi dabiltza eta horietako ehunetik gora etorriko dira Elorriora. "Ondo pasatzen dute", dio federazioko presidente Juan Mari Zorriquetak, "baina helburu nagusia gizarteari eskaintzen zaion funtzioa da". Izan ere, "futbolariek asko jaso dute gizartetik, eta hori bueltatzea da helburua, beharrean dagoen jende asko baitago". Lehen jardunaldia Miran de Ebron (Burgos) jokatu zuten; bigarrena Elorrion egingo dute eta hirugarrena Sestaon izango da, Zorriquetak aurreratu duenez.

Federazio horregaz elkarlanean Elorrioko Udala da ekimenaren antolatzailea. Joseba Mugika behin behineko alkateak herritarrei ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu die: "Jarri dezagun denok geure aletxoa. Egun solidarioa izango da futbol zaleentzat ez ezik elorriar denentzat". Elorrio futbol taldearen laguntza ere izan dute antolakuntzan. Eklmenaren aurkezpenean Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia ere izan da, Athleticeko beteranoen taldeko lehendakari moduan. Ekimenaren helburuekin bat egin du eta ahalik talderik onena ekartzen saiatuko dela adierazi du. Javi Gonzalez, Javi Casas eta Imanol Etxebarria dira seguruenik etorriko diren jokalarietako batzuk.

Futbol partiduen aurretik Athleticegaz jokatu duten Elorrioko jokalari ohi bi omenduko dituzte: Jose Mari Igartua (65 urte) eta Jose Mari Zenitagoia (68 urte).

Batutako dirua Elorrioko Kainabera Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote. Kainaberak Monzonte (Nikaragua) udalerri indigenako landa guneetan osasun arreta integralerako gune bat egin gura du eta helburu horretara bideratuko dute dirua.


Hitzaldia Iturrin
Jaialdiaren harira, berbaldi interesgarri bat ere antolatu dute. Martxoaren 26an, 18:30ean, Kirola eta solidaritatea hitzaldia eskainiko dute Iturri kultur etxean. Juan Mari Zorriqueta (federazioko presidentea), Manolo Delgado medikua, Andoni Aiarza futbolari ohia eta Koikili Lertxundi futbolaria izango dira hizlariak. Joseba Mujikak adierazi duenez gazteak bertaratu daitezen deialdi berezia egingo dute kirol elkarteetan zein ikastetxeetan. Sarrera doakoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!