Zer aurkituko dute zuen erakusketara doazenek?
25 panel dira, berdintasunagaz lotutako argazkiekin. Jabekuntza, ardura banaketa, emakumeen kontrako indarkeria... Horrelako zenbait ikuspegi islatzen saiatu gara. Bestalde, gure helburu orokorrak azaltzeko panelak ere egongo dira. Maskulinitate berriak, berdintasunaren aldeko borroka ulertzeko molde berriak... Beti ere, gizonen ikuspuntutik, baina mugimendu feministekin konfrontazioan ipini barik. Eremu honetan gu baino askoz lehenagotik lanean dabiltzan kideentzako laguntza edo babes moduan ulertzen dugu. Gure helburu nagusia da gizonengana heltzea eta horiek berdintasunaren inguruko gaiez hausnartzea.
Zer ekarpen egin dezake gizonak berdintasunaren alde?
Desberdintasun horretan protagonista handienak garen heinean, guztia eman ahal dugu. Hainbat pribilegio ezarri ziren aspaldi, eta gaur egun estrukturalki onartuta daude jendartean. Berdintasunaren oinarriak guztiongan daude, ez bakarrik emakumeengan. Gizonok espreski inplikatu behar dugu zerbait aldatzea gura badugu. Orain arte aldatutako apurra emakumeen bultzadagatik aldatu da; batez ere, berdintasunak denontzako etekina dakarrela ulertarazi digutelako gizonoi.
Askok uste du berdintasunarena emakumeen borroka dela.
Guztiok gaude gustura aldekoa zaigun estatus batean. Baina konturatu behar dugu, jendarte justuago bat denontzako dela hobea.
Ideia horren ondorio izango da mugimendu horietako militantzia handia ez izatea...
Nik dakidala, Bizkaian badaude gizonen taldeak. Esate baterako, Ermuan, Santurtzin, Getxon... Ez dira oso talde iraunkorrak, ekintza militante guztien moduan. Baina horrek argi islatzen du jende asko dagoela arduratuta justizia sozialagatik edota gizarte honetako beste arlo batzuengatik. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna gizarteko oinarrizko zutabeetako bat izateagaz arduratuta daude, eta borroka horretan daude. Edozelan ere, kontu handia eduki behar dugu. Izan ere, gizonok merezi ez dugun mugimendu baten protagonista bihurtu gaitezke, oso berandu heldu gara-eta berdintasunaren borrokara. Protagonismo horretatik ihes egitea garrantzitsua dela uste dut.
Zer esan gura duzu ‘maskulinitate berriak’ terminoagaz?
Gizartearen egituraketa berri baten alde dauden gizonen inguruan berba egiten dugu termino hori erabiltzean. Gizonari tradizioz erantsi zaizkion zenbait balio indargabetzea da: agresibotasuna, lehiakortasuna, irabaziak... Horren ordez, emakumeek sarriago adierazten dituzten elementu batzuk adierazteko gai izan gura dugu: estimuak, sentimenduak... Galtzen gabiltzan ezaugarriak dira horiek, matxismoaren erreibindikazioan mantentzen saiatzeagatik eta gizarte patriarkalak ezarri digun rola jokatzeagatik.
Zergatik murgildu zinen mugimendu horretan?
Urte askoan nabil beharrean Deustuko Emakume Zerbitzuan, justuak ez diren egoerak pairatu dituzten eta kasu askotan tratu txarren biktimak izan diren emakumeak jasotzen. Uste dut horregatik daukadala sentsibilitate handiagoa berdintasunagaz eta maskulinitate berriekin.