Zengotitabengoaren senideek 900 kilometro egin behar izaten dituzte bisitatzeko. Bisita gehienak kristalak banandurik izaten dira, eta alabekin egoteko daukan mugaz gainera, ama ere ezin izan du hiru urtean besarkatu; gainerako senideak inoiz ere ez. Andreagaz hilero edukitzen du kristal bako bisita. Ostera, lagunek ezin dute bisitatu.
Bestalde, eguneko 22 ordu bakartuta ematen ditu, ziegan. Buzo berezi bat jantzita eroaten du beti, eta egunero gorputza miatzen diote.
Udalak onartutako mozioak dio egoera horrek sufrimendua dakarrela presoarentzat eta bere senideentzat. "Sufrimendu honek ez dauka inolako justifikaziorik eta ez dator bat zigor guztiek bete behar duten bergizarteratze prozesuarekin". Hori dela-eta, Ana Otadui alkateak gutun bat bidaliko die udalaren izenean Monsantoko kartzelako zuzendariari, Portugalgo espetxeetako zuzendariari eta herri-defendatzaileari. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntza ere eskatuko du udalak. EAJk eta Bilduk babestu dute mozioa, eta PPko zinegotzia ez zen udalbatzarrean egon.