Bellon hil zela urtebete beteko da eguenean

Anboto 2015eko otsailaren 3a

Barikuan espetxe politikaren kontrako ekitaldia egingo dute. 2014ko otsailaren 5ean hil zen Arkaitz Bellon preso elorriarra, Puertoko (Cadiz) kartzelan zela.

Autopsia bi egin zizkioten, eta heriotza naturala izan zela ondorioztatu zuten. Baina senide eta lagunek Espainiako Gobernuaren espetxe politika jo zuten errudun: “Hamahiru urte luze hauetan erail dute krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bidez”, adierazi zuten prentsaren aurrean. Hiru bat hilabete geratzen zitzaizkion hamahiru urteko kartzela zigorra betetzeko, kale borroka ekintza batzuetan parte hartzeagatik. Bellon hil eta hurrengo egunetan manifestazio jendetsuak egin zituzten Elorrion.

Bellonen kasuaz gainera, hemezortzi urte beteko dira otsailaren 7an Jose Mari Aranzamendi Katxue presoa hil zela. Testuinguru horretan, Espainiako kartzela politikaren kontrako ekitaldira deitu du lagun talde batek hurrengo barikurako. Espetxe politika kriminalari stop lelopean egingo dute ekitaldia, 19:30ean, plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!