Herrian mantentzen diren berbak eta galtzear daudenak, esamoldeak, aditz formak... Elorrioko euskarak baditu bere berezitasunak, eta ezaugarri horiek kontsultatzeko bidea dago orain. 'Elorrixoko Berbetia' liburua aurkeztu zuten atzo Iturri kultur etxean. Bertako areto nagusia betetzea lortu zuen aurkezpenak.
Eibarko Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Juan Martin Elexpuru ibili dira herriko euskara batzen. Badihardugu ahozko ondarea batzen duen Ahotsak ekimenaren bultzatzailea ere bada, eta, Elorrion ere, elorriar nagusienei egindako elkarrizketetatik jaso dute informazio gehiena. Aintzane Agirrebeñak azaldu duenez, herriko lantalde baten laguntza ere izan dute: "Euren laguntza barik ezingo genuke gramatikaren atala egin". Lantalde horrekin Elorrioko euskarari buruz asko ikasi duela nabarmendu du Agirrebeñak.
Elorrioko hizkera eta ezaugarriak batzeaz gainera, herrian euskaragaz lotuta egon den historia ere batu dute liburuan. Kultur etxean ipiniko dute liburua salgai, 5 eurotan.
Webgunea
Interneten dago liburuko material guztia, eta baita liburua bera deskargatzeko modua ere. http://elotop.net/euskara/ helbidean elkarrizketen bideoak ere badaude, eta eduki guztiak elkarrekin lotuta daude. Dijitalidadea enpresak sortu du webgunea, eta bertako Gotzon Barandiaranek zoriondu egin zituen elorriarrak, egindako lanagatik: "Zoritxarrez, oso leku gutxitan dabiltza herrietako hizkera sarean ipintzen".
Berrion eta Miotan, desberdin
Elorrioko euskarak ezaugarri batzuk ditu, baina leku guztietan ez da berdin berba egiten. San Agustinen eta Miota inguruan, adibidez, etxie esaten dute, eta -ie amaiera ohikoa da izenetan. Kalean eta beste auzo gehienetan, aldiz, etxia esaten dute, -ia erabiltzen dute.
Aditzari dagokionez, Badiharduguko Aintzane Agirrebeñak xata eta xako lako formak nabarmendu ditu: "Horiek Elorrion eta Oñatin bai, baina ez dira beste leku askotan entzuten".