Udal hauteskundeak 2015

Joseba Mujika da Elorrioko EAJren hautagaia

Anboto 2014ko aza. 28a, 15:00

Gaur egun alkateordea da Mujika. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietan presidente izateko hautagaia da, eta horregatik ez da alkatetzarako aurkeztuko.

Elorrioko EAJk azaldu du azaroaren 8an hartu zutela erabakia asanbladan, baina orain arte ez dute jakitera eman. Mujikak alkateorde lez duen esperientziari garrantzia eman diote jeltzaleek, eta udalaren ibilbidea baloratu dute: "Joseba Mujikak bere gain hartuko du etengabeko berrikuntza eta hobekuntza prozesuetan murgilduta dagoen udala zuzentzeko erronka, elorriar guztien bizitza kalitatea eta ongizatea bermatzeko". Bere helburuak, "herrian aberastasuna eta enplegua sortzeko oinarriak sendotzea, hiri ingurune atseginagoak eta iraunkorragoak sortzeko gai izatea eta behar gehien dutenekin solidarioagoak izatea" dira. 2015eko maiatzean ospatuko dira udal hauteskundeak, eta elorriarrek erabakiko dute zein alkate gura duten.

Gainera, Elorrioren ereduaz ere iritzia eman du Mujikak prentsa oharrean. "Tentsio politikoa nabarmen jaitsiko den Elorrio, dinamikoa, kultura eta turismo jarduera handia izango duena" lortu gura duela dio, besteak beste. Zuzenbidean lizentziatua da Mujika, eta Kudeaketa Publikoan eta Hirigintzan aditua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!