"Sariak ikasturte osoko lanaren ondorio dira"

Anboto 2014ko eka. 18a, 12:05
Institutuko ikasleak, saria ospatzeko ateratako argazkian.
Elorrioko institutuko hainbat ikasle saritu dituzte azken asteotan, ekintzailetasuna eta ingurumenaren zainketagaz lotutako zenbait proiektu lehiaketetan aurkeztearren. Institutuan lantzen dituzten arlo bi dira, eta ekintzailetasuna curriculumean sartu dute, gainera. Horregatik, sariari baino hori lortzeko bideari eman dio garrantzia Josu Etxaburu zuzendariak: “Sariak ikasturte osoko lanaren ondorio dira”. Ikasleen lanaz aparte, irakasleen ekarpena ere eskertu du Etxaburuk.


Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Egin eta Ekin lehiaketan accesita lortu dute Iñigo Gallastegi eta Joseba Garcia elorriarrek. Sentsore biren arabera mugitzen den gurdi bat sortu dute, eta mugikortasun arazoak dauzkatenei lagunzeko balio duela uste dute: “Adibidez, erosketak kargatu, eta gurdiak eurei jarraituko die”. Tresna hori merkaturatzeko fikziozko enpresa ere asmatu dute.


Azaroan, Bartzelonara
IRAES 21 lehiaketan, Elorrion bidegorria zelan ipini diseinatu dute, eta auzoetako argiztapena hobetzea ere proposatu dute. Bartzelonan egongo dira azaroan, Espainia mailako finalean. Naia Aranguren, Idoia Aiartzaguena eta Maialen Igartua izan dira sarituak.


Bestalde, Elhuyar Fundazioaren Zientzia Azokan seigarren eta zazpigarren postuetan sailkatu dira. Esate baterako, gaixotasun arraroak detektatzeko txip bat asmatu dute Iñigo Gallastegik eta Leire Gutierrezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!