Segun Lazkano gogoratu eta omenduko dute bere lagunek

Anboto 2014ko eka. 16a, 09:15

Iazko azaroaren 18an hil zen Segun Lazkano elorriarra, 54 urtegaz. Irakaslea zen ofizioz, baina argazkilaritza eta euskaltzaletasuna ere odolean zeroiazan. Barriketan euskara elkarteko kide, Eraz astekariaren sortzaile, ANBOTOko argazkilari... Sektore sozial eta kultural ugaritan mugitu zen, eta, ondorioz, jende askoren lagun egin zen. Maite zuten lagun horiek ez dute ahaztu gura, eta bera gogoratu eta omentzeko ekitaldi bat prestatu dute ekainaren 21erako.


Zenbait lagunek batzorde bat osatu dute ekitaldia antolatzeko, eta horietako bat da Joseba Eguren, Lazkanoren aspaldiko laguna. Ekimenagaz gura dutena zer den azaldu du: “Lagunak elkartu, Segun gogoratu, eta arratsalde polit bat pasatu”. Argiñetan izango da ekitaldia, 18:00etatik aurrera. Irudiak, musika eta irakurketak egingo dituzte. Adibidez, argazkilari batzuk ikus-entzunezko bat lantzen dabiltza. Beste lagun batzuek, ostera, abestu egingo dute, eta Urko y los primos de riesgo taldeak ere joko du. Egurenek esan du mikroa zabalik egongo dela Lazkano gogoratu gura duen edonork parte hartzeko.


Argazki kameragaz gertaerak eta bizipenak gordetzea zen Lazkanoren pasioa. Hori gurako dute hurrengo zapatuan, Argiñetan, batzen direnek: euren laguna, Segun Lazkano, betirako euren memorietan gorde.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!