Uztaileko lehen asterako zabaldu gura dituzte Elizaldeko igerilekuak

Anboto 2014ko eka. 4a, 09:50

“Obrak martxa onean doaz”. Ana Otadui alkateak (EAJ) berba horiek erabili zituen atzo Elizaldeko igerilekuen obretan, komunikabideentzako eginiko bisitan.

Azpiegitura berria uztaileko lehen asterako zabaltzea da udalaren asmoa, eta horretarako ekinean dabiltza beharginak. Obretan sabotajea egin zuten ezezagunek duela aste bi.

Otaduik azaldu du 1.000 lagunentzako lekua egongo dela Elizalden. Ilusio handia agertu du: “Udaz gozatzeko aukera aproposa izango da, herritik irten barik”. Herrian eragin ekonomiko positiboa edukiko duela ere uste du.
Obren egoeraren azalpena egin du alkateak. Hiru igerilekuak ia prest daude, eta ingurunea egokitzea falta da: belarra ipini, hesiak, baldosak... Futbol zelaiko harmailaren alboetara eraikin bi altxatu dituzte, bat taberna izateko eta bestea aldageletarako.

Obraren aurrekontua 1,2 milioi eurokoa izan da. Baina, aurreikusi bako obra batzuetarako eta hobekuntzak egiteko 243.000 euro erabiltzea onartu zuten joan zen astean. Adibidez, hasieran belarra era naturalean haztea pentsatuta zegoen, baina orain belarra ekartzea erabaki dute, futbol estadioetan lez. Joseba Mujika alkateordeak emandako arrazoiaren arabera, “askoz hobea delako hasieratik”.

Igerilekuen gestiorako enpresa bat kontratatuko dute, eta ekaineko bigarren hamabostaldirako erabiltzaileek karnetak egiteko aukera edukitzea espero dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!