Elorriok hartuko du aurten Durangaldeko Ezgaitasun Egunaren bigarren edizioa. Integraziora ailegatzeko, beharrezkoa izango da herritarrak sentsibilizatzea, Ana Otadui alkateak adierazi lez: “Ezgaitasuna, sarritan, begiratzen duenaren begietan dago”. Zapatuan, plazara aterako dute ezgaitasuna edo aniztasun funtzionala. Atzo egindako aurkezpenean, Geu Beko Suzette Amilibiak eta Javier Nuñezek herritar guztiak gonbidatu zituzten jaialdian parte hartzera. Bizkaiko Asebi elkarteko Ruth Garciak eta Aitziber Egurenek ere ekimenaren garrantzia nabarmendu eta jendea Elorriora joatera animatu zuten.
Geu Be, Asebi, ONCE, Saiatu fundazioa, Gurutze Gorria, Elorrioko Txirrindulari Elkartea, Eusko Label eta udala bera ibili dira antolaketan. Goizeko 11:00etatik aurrera ginkanetan parte hartzeko aukera egongo da. Batean, esaterako, gurpildun aulkiak erabiliko dituzte, eta beste batean itsutasuna ezagutu ahal izango da, zirkuitu iluna izango da-eta. Gainera, tailerrak eta puzgarriak ipiniko dituzte. Bazkaltzeko paella egingo dute Geu Beko familiek, Eusko Labelen eta Karlos Ibarrondo sukaldariaren laguntzaz. Plazako frontoian izango da, eta 250 lagun baino gehiago batuko dira. Eguerdiko 12:00etan postre lehiaketan aurkezten dituzten gozoak dastatuko dituzte. Lehiaketan parte hartzeko sabina@elorrio.eu helbidera idatzi edo 671 932 408 telefonora deitu behar da aurrez, eta 100 euroko saria egongo da irabazlearentzat.
16:00etan Luhartzek erromeria eskainiko du, eta 19:00etan trikipoteoagaz amaituko dute jaialdia.