2015eko aurrekonturako partaidetza prozesua zelan garatu aztertuko dute

Anboto 2014ko mai. 22a, 09:00

2015erako udal aurrekontua herritarren parte-hartzeagaz garatu gura du gobernu taldeak, eta prozesu hori diseinatzeari ekin dio. Proposamen bat aurkeztu diete gainerako alderdiei, eta ekainaren 3a bitartean ekarpenak egiteko aukera edukiko dute. Diseinua zehaztu eta gero, udazkenean burutuko litzateke partaidetza prozesua.


EAJko gobernu taldearen ideiaren arabera, prozesuko lehenengo pausoa arlo bakoitzeko teknikarien lanketa izango da, kontuhartzaileak ezarritako gastu muga kontuan hartuta. Ideia guztiak batu eta gobernu taldeak zirriborro bat aurkeztuko die alderdiei. Hori onartzen denean, herritarrekin lanean hasiko dira.


Lehenengo eta behin, zirriborroa aurkeztuko dute jendaurrean. Gero, ekarpenak egiteko fasea garatuko dute; tailerrak antolatuko dituzte, Internet bidez inkestak egiteko aukera egongo da, eta kalean iritziak batzeko karpak egokituko dituzte. Gainera, herriko elkarteen ekarpenak ere jasoko dituztela azaldu dute.


Hori izango da prozesua, udalean onartzen bada. Iaz, gobernu taldeak eta Bilduk partaidetza prozesu bana egin zuten, euren aldetik.


Gizarte zerbitzuetaz
Bestalde, udalak batzarrak egin ditu asteon alargunekin eta pertsona nagusiekin, Amankomunazgoak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuen inguruko informazioa emateko. Udalak egindako azterketa baten arabera, herritarrek ez dituzte ondo ezagutzen zerbitzuak, eta horri erantzuteko batzartu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!