Argiñetan boluntarioak dabiltza lanean, historiaren sustraiak aztertzen

Anboto 2014ko mai. 16a, 09:00

Aitzurra eskuetan hartuta, Argiñetako gune arkeologikoan lurra mugitzen ibili dira asteon Joseba Iturria eta Paul Attard elorriarrak. Indusketaren hirugarren eta azken fase honetan, herritarrei bertan lan egiteko aukera eman diete, eta ekainaren 20ra bitartean hamaika lagun ibiliko dira arkeologian murgilduta. Iturria eta Attard izan dira lehenak, eta eurek lez gainontzekoek ere astebeteko jarduna garatuko dute.


Historiak, Elorrio hobeto ezagutzeak, ikasketek... Hainbat arrazoik eroan dituzte Argiñetara. Manu Igartiburuk uste du orain arte ikerketarik egon ez denez, ezagutza falta daukatela. Sarritan lotsa sentitu izan du: “Kanpotarren bat etortzen denean, zer egiten dugu? Argiñetara ekarri. Orduan, zer den galdetzen digute, eta guk ideiarik ere ez”. Victor Aldalur, ostera, arkeologia munduak erakarri du: “Historia asko gustatzen zait, eta hauek historiaren sustraiak dira”. Lehenagoko bizimodua zelakoa izan den ezagutzeak interesa pizten dio. Ane Arandok Elorrioko historian sakondu gura du, eta ikasketeterako aprobetxatu ere bai: “Arkitektura amaitzen nabil, eta horrelako proiektu batean parte hartzea oso interesgarria izango zela iruditu zitzaidan”. Aitor Montero atxondarra ere historia ikasten dabil UNEDen, eta zaletasunak bultzatu du ekimenean parte hartzera.

Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker ipini zuten martxan indusketa 2012an. Arkeologia Museoko lantaldea dabil beharrean, eta Iñaki Garcia Caminok gidatzen du. Bere iritziz, ideia ona izan da boluntarioei aukera ematea, horrela “sentsibilitate handiagoa sortuko delako”.  


Argiñetaren balioa nabarmendu izan dute adituek eta erakundeek. 2012an hasitako indusketagaz, herrixkan mendetan atzera zelan bizi ziren ezagutu gura dute. Orain arteko lanean, kanposantua azaleratu dute, eta eraikuntza arrastoak topatu ere bai. VIII. eta XI. mendeen artean kokatu dituzte aurkikuntzak. Baina topatutako beirazko ontzi bat VI. mendean datatu dute. Azken fase honetan, arlo bi aztertuko dituztela esan du Garcia Caminok. Batetik, ermita atzeko herrixkaren antolaketan sakonduko dute, eta, bestetik, kanposantuko hilobien azpian herrixkaren arrastoak ote dauden ikertuko dute.


Indusketak sortu duen interesa nabarmendu du Ana Otadui alkateak. Amaitzean, Argiñeta interesgune lez prestatzea izango da hurrengo pausoa. Uda honetan bertan ere bisita gidatuak egingo dituztela adierazi du.

 

Boluntarioekin berbetan

Joseba Iturria

"Bertakoa izanda eta dagoen historia handiagaz, hemen parte hartzea interesgarria eta aberatsa iruditzen zait. Etorkizunean seme-alabei esateko zer dagoen, zer izan zen, parte hartu nuela...
Ikasi dugu arkeologoek lurra kapaz kapa kentzen dutela, eta zerbait nabaritzen dutenean gelditu egiten dira. Lurrak mugitzen joaten dira interesatzen dena topatu arte. Zeramikazko zatiak agertu dira, eta kuriositatea sortu dit. Gainera, ikusten da harriak zer izan ahal diren, hilobiak edo hezurrak egongo diren... Herrixka zelakoa izango zen ere azaldu digute."

 

 

Paul Attard

"Elorrion bizi naiz, nire andrea hemengoa da eta. Boluntarioak lortzeko iragarkia ikusi nuen, eta gutxienez astebete Elorriori laguntzeko ez da asko. Gainera, jubilatuta nago, eta denbora librea daukat.
Ez daukat inongo esperientziarik arlo honetan. Beti nahi izan diot herriari zerbait eman, eta laguntzeko modu bat da hau.
Gustura nago hemen, eta arkeologoen lantaldea oso atsegina izan da. Gauza askoren inguruan berba egin dugu, berba berriak ikasi ditugu... Asko gustatu zait hemen lan egin izana."

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!