Proiektuak enpresentzat zeukan sailkapenaren kontra egin zuen Ascovi kontratisten elkarteak idatzi bat aurkeztuta. Honela azaldu du Jose Mujika alkateordeak: “Arazoa izan da behar baino azpitalde gehiago jarri ditugula. Legeak dio lau baino gehiago jarri ahal dituzula salbuespenak daudenean kontratu berezietan”.
Asteleheneko udalbatzarrean onartu zuten fase berria hastea. Baina berriro ere ez ziren ados ipini alderdi nagusiak. Bildu abstenitu egin zen, baina adierazi duenez, ez dago proiektuaren kontra. EAJren gestioa kritikatu du Idoia Buruagak. Azaldu du akatsaz konturatu zirela eta jeltzaleek ez zietela kasurik egin. “Proiektua ondo egitea baino, lehenago zeinek egin baloratzen zuten”. Enpresa txiki asko aukera barik uzten zirela ere esan du. Horrez gainera, ikuspegi elektoralagatik presaka ibiltzea leporatu die EAJko kideei. “Proiektua 2012an onartu zen, eta orain arte ez dute ezer egin. Igerilekuekin itsututa egon dira”. Atzerapenagaz, Aurrekontu Orekaren Legea arriskuan ipintzea ere egotzi die.
Mujikak ez dio hainbesteko garrantzia eman gaiari. Interes elektorala ukatu du. Bere esanetan, proiektua aurten amaituko da eta ez da desegonkortasunik sortuko. Inbertsio hori potoloa denez –1.164.000 euro–, 2014an ez dutela egonkortasunik edukiko dio, maileguak eskatu dituzte eta. Baina Aldundiak plan finantzario bat ezarri diela eta apirilean onartu zela esan du. Horren arabera, egonkortasuna 2015ean berreskuratuko dute. Bilduren kritikei indarra kendu gura izan die Mujikak: “Bilduk gura duena esango du, baina eztabaida faltsua da. Egonkortasuna plan horretan jasota dago, eta udala egoera onean dago”.