Aste Santuan 300 lagunek bisitatu dute Elorrio

Anboto 2014ko api. 25a, 10:41

Turismo bulego berrian 200 lagun hartu dituzte egunotan, eta 'Basilikaren sekretuak' izeneko bisita programan 100 bat lagunek parte hartu dute.

"Elorrioko Udalak udalerria turismo jomuga lehiakor gisa sustatzeko egin duen apustu garbia bere fruituak ematen hasi da". Horrela baloratu dute udal ordezkariek Aste Santuan egondako turismo dinamika. Azaldu dutenez, 300 lagun baino gehiago hurreratu dira Elorrio ezagutzera. Gehienak Euskal Herrikoak izan dira, baina Kataluniatik, Madrildik, Andaluziatik eta Kantabriatik ere etorri dira.

Argiñetako nekropolia, Alde Zaharra eta audio-gidaren bidezko ibilaldiak izan dira arreta gehien erakarri dutenak. Audio-gida katalanez erabili duten kopurua hazi egin dela nabarmendu dute arduradunek.

Bestalde, Basilikaren sekretuak izeneko bisitetan plaza guztiak agortu dira. Talde txikitan banatuta egin dituzte bisitak, eta elizaren artxibategian dagoen erakusketa asko gustatu ei zaie bisitariei.

Datuak ikusita, udalak turismoa sustatzeko jarraitzeko asmoa agertu du. "Enplegua eta aberastasuna sortzeko orduan dinamismo eta garrantzi gehien duen jarduera ekonomikoetako bat da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!