Zelan sortu da azterketa hau egiteko ideia?
Elorrioko berdintasun teknikaria eta Elorrioko alargunen elkartea batera ipini ziren gurekin kontaktuan. Inoiz ez da egin emakumezkoen alarguntasunari buruzko ikerketarik Elorrion, eta garrantzitsua iruditzen zitzaien alargunei buruzko informazioa edukitzea, bai datuen aldetik, bai egoeraren aldetik.
Zein da Elorrioko alargunen artean egin duzuen azterketaren helburua?
Alde batetik, alargunen datu soziodemografikoak ezagutzea izan da helburua. Emakume kopurua, adina eta beste datu esanguratsu batzuk bildu ditugu. Beste alde batetik, alargunen egoera eta errealitatea ezagutu gura izan dugu hiru ikuspegitik: osasuna, ekonomia eta gizarte harremanak.
Zer metodologia erabili duzue lan honetan?
Batetik, Eustatek bidali dizkigun datuak erabili ditugu: 2006an Eustatek egindako Etxebizitza eta biztanleria inkestatik ateratako datuak; 2011ko erroldako datuak ere erabili ditugu. Eta, bestetik, Aditzetik egindako inkesta bat pasatu diegu Elorrioko 38 emakume alarguni.
Zenbat alargunekin jarri zarete hartu-emanetan?
38 alargunek bete dute inkesta. Alargun guztien % 9k.
Zer ikuspuntutan oinarritu zarete alargunen egoera aztertzeko?
Alargunen bizi-kalitatean oinarritu dugu ikerketa guztia. Kontuan edukita osasun fisikoa eta psikologikoa, independentzia maila, gizarte harremanak eta abar.
Badago profil jakinik alargunen artean?
Bai. 65 urtetik gorakoa, emakumea eta osasuntsua. Etxebizitzaren jabea, nahiz eta askotan seme-alabekin partekatua, jaraunspena dela-eta; diru sarrera bakarra alargunen pentsioa da, kasu gehienetan, 400-600 euro bitartekoa.
Azterketaren arabera, zelako osasun arazoak dituzte alargunek?
Osasun arazo gehienak hezurretako arazoak dira: artrosia, artritisa, mokorraren higadura eta abar. Gainera, kontuan hartu behar da %11k depresioa duela adierazi duela.
Etxebizitzaren inguruan nolako egoeran daude?
Lehen komentatu dugun moduan, etxebizitzaren jabe dira kasu gehienetan. Etxebizitzaren horniduraz esan daiteke funtsezkoa daukatela: telefonoa, hozkailua, sukaldea, labea, garbigailua eta telebista. Ontzi-
garbigailua, mikrouhin-labea eta ordenagailua, berriz, askoz gutxiagok daukate. Ikerketan atera den datu esanguratsu bat igogailuaren datua izan da, %71k ez daukalako.
Aisialdiari dagokionez, bakarrik aurkitzen dira?
Egin dugun inkestetan azaldu dutenez, Elorrioko alargunen %24k aisialdirako zailtasunak dituela azaldu du, gehien bat laguna falta duelako.
Ekonomiari dagokionez, nolako pentsioa jasotzen dute? Zer- nolako egoera ekonomikoan aurkitzen dira?
Alargun gehienen diru sarrera bakarra alargunen pentsioa da, eta 400-600 euroan kokatzen da. Horregatik, askotan diru falta, eta horrekin batera haserrea, agertzen da alargunen aldarrikapenetan.
Ezagutzen dituzte administrazioak eskaintzen dituen diru-laguntzak? Familiaren aldetik jasotzen dute laguntzarik?
%60k ez ditu administrazioak eskaintzen dituen diru-laguntzak ezagutzen. Kanpoko laguntza edo zaintza gehienetan seme-alabengandik jasotzen dute.
Alargunak ikusezin bihurtu dira gizartean? Elorrion elkartea dute, baina gainerako herrietan?
Gainerako herrietan ere badaude alargunen elkarteak eta lortzen ari diren hobekuntzak guztien indarrak batzen dituztelako da.