Sorterrira bueltatu da Jon Irazola iheslaria

Anboto 2014ko mar. 31a, 16:48
Argazkia: Gotz.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak emandako urratsari jarraituz, Elorriora bueltatu da Irazola. 31 urte zeramatzan ihesi. Atzo harrera egin zioten plazan.

Joan zen ekainean konponbideari begira urratsak emango zituztela iragarri zuten Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek. Hausnarketaren berri eman eta aurpegia eman zuten Miarritzen egindako ekitaldi batean. Joan zen astean, berriz, batzuek etxera bidea hartuko zutela iragarri zuten. Asteburu honetan hainbat agertu dira berriro euren herrietan, eta horietako bat izan da Irazola elorriarra.

Duela 31 urte egin zuen ihes Irazolak, atxilotua izateko beldurrez. Geroztik erbestean bizi izan da, eta atxilotua ere izan zen iparraldean Batasunako operazioaren baitan. Kolektiboko bozeramaileetako bat izan da Irazola hausnarketaren berri eman zutenetik. Iazko irailean Anbotori eskainitako elkarrizketan azaldu zuen, besteak beste, egoera horretan bizitza proiektatzeko zailtasunak zeuzkatela. Elorrioz ere akordatzen zen: "Bizitza sozial hori, edozein momentutan karrikara atera, jendearekin egon, proiektuak elkarrekin muntatu...".

Beste 500 bat iheslari ei daude, eta tartean Durangaldeko hainbat ere bai. Hasi dira bueltatzen; etxerako itzulera mailakatua izango dela azaldu dute kolektiboko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!