“Fedearen inguruko gogoeta egiten eta zabaltzen jarraitzen dut”

Anboto 2014ko mar. 27a, 09:00

Joxe Arregi Olaizola frantziskotar ohiak hitzaldia eskainiko du Elorrioko Arriola antzokian, gaur iluntzean, 20:00etan. Elizaren inguruan plazaratu dituen adierazpenek fraidetza eta teologia irakaskuntza utzi beharra eragin diote.

 

Zer da zuretzako Arantzazu (Oñati)?
Nire bizitzako bilakaeraren ispilua ikusten dut Arantzazun. Han eman ditut 17 urte, hiru garaitan: umetan 3 urte, gaztetan 7 eta helduaroan beste 7. Hiru mundu, hiru eliza, hiru teologia. Gure familia oso Arantzazu zalea zen, aitaren eraginez, eta ume-umetatik joaten ginen denok urtean behin hara. Urte guztiko ilusiorik handiena zen. Hainbeste fraide abitua jantzita, meza nagusi haiek, mezako kantu haiek, dena latinez, dena misteriotsu… Eta familia osoaren zorion hura! Amets habia zen Arantzazu, zerutik hurbilago lurretik baino. Eta haraxe joateko, fraide eta apaiz izateko ametsa sartu zitzaidan barru-barruan. Zer amestu zezakeen handiagorik nintzen baserritartxo sentibera eta txintxo hark?

Noiz joan zinen Arantzazura?
1963an joan nintzen, hamar urte nituela. Batxilergoa eta filosofia ikasi eta gero itzuli nintzen bertara, 19 urterekin. Mundua aldatu egin zen bien bitartean, eta ni ere bai neurri batean. Fedearen inguruko zalantzak nituen. Kritikoa nintzen. Fedea mundu modernoarekin uztartu nahi nuen. Euskara eta euskal kultura biziki maite nituen. Horren guztiaren ikur zitzaidan Arantzazu. Eta 50 urterekin berriro Arantzazura. Nire mundu ikuspegia eta teologia oso bestelakoak ziren orduan. Arantzazu ere bai kanpotik, baina barrutik ez hainbeste. Han eman nituen fraidetzako azken 7 urteak. Gaur ere, leku zoragarria eta maitagarria da niretzat, zer esanik ez bertako fraideak. Baina iraganeko kultura eta eliza baten irudi bezala begiratzen diot neurri batean.

Parisera joan zinen ikastera. Tesia egiten zenbiltzala zein aldaketa gertatu zen zure barruan? Zerk egin zuen ordura artekoak zalantzan jartzea edo ideia berriak sortzea?
Kristautasuna eta beste erlijioak gaia jorratu nuen tesian, Hans Urs von Balthasar oinarri harturik. “Kristautasuna da egiazko erlijio bakarra”, zioen hark, Jainkoaren errebelazio betea jaso duen bakarra. Beste erlijio guztien gainetik dago, guztien erroreak zuzenduta eta egia partzial guztiak erabat osatuta. Nik ere hala ikusten nuen hasieran, eta hori da oraindik ere elizaren ikuspegi ofiziala. Baina gaia landu ahala, ikusi nuen bide horretatik ez zegoela irtenbiderik, eta ikuspegi pluralistara aldatu nintzen: inor ez da egia osoaren jabe; apaltasunean, elkarrizketan, artekotasunean dago egia.

Teologia irakastea galarazi zizuten. Zein eragin izan du horrek zure bizitzan?
Teologiaren irakaskuntzarekin batera, fraidetza eta apaizgoa utzi behar izan nituen. Baina Deustuko Unibertsitatean bertan jarraitu ahal izan nuen, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, eta oso eskertua nago. Erlijioaren filosofia eta historia ematen ditut orain. Eta fedeari buruzko gogoeta egiten eta zabaltzen jarraitzen dut, hitzez nahiz idatziz.


Gotzainek aita santuaren esana “exekutatzen“ dutela azaldu duzu. Gaur egun zelan jokatzen du elizaren hierarkiak?
Aita santuak izendatzen ditu gotzainak eta kardinalak, eta kardinalek izendatzen dute aita santua. Erdi Aroko sistema klerikal eta autoritarioa da oraindik eliza erakundea. Ezagutzaren eta informazio globalizatuaren kultura honetan ez du zentzurik horrek. Eta Jesusen ikuspegiarekin kontraesanean dago. “Ez deitu inori aita edo jauna. Zuek denok neba-arrebak zarete”, esan zuen Jesusek.
    
Elizaren barruan zein aldaketa ikusi gurako zenuke?
Jesusen irakaspen eta jokabide askatzaileari jarraitu beharko lioke elizak, gaur ulergarriak diren hizkera eta moldeak baliatuta. Ezinbestekoa da erabateko demokrazia, desklerikalizazioa, eta hortik berez etorriko litzateke emakumearen berdintasuna. Eta pluralismoaren onarpena.

Rouco Varela Ricardo Blazquezek ordezkatu du. Aldaketa horrek zer eragin izan dezake?
Roucoren estiloa zakarra eta autoritarioa izan da, eta bere gai obsesiboetan setatu da: familia tradizionala, sexualitatea, abortua eta Espainiaren batasuna. Blazquezen teologia ere kontserbadorea da, baina gizon ona eta apala da, oso neurtua, elkarrizketa gizona. Bakea eta oreka pixka bat ekarriko ditu.

Aita santuak urtebete darama bere karguan. Gauzak aldatzen hasi direla deritzozu elizaren barruan?
Aita santuaren teologia eta elizaren eredua tradizionalak dira, baina, bere ustez, funtsezkoena ez da ortodoxia. Errukiaren lehentasuna aldarrikatu du, eta esan du eliza gizakien oinazeak arintzeko dagoela, ez dogmak irakasteko, ez beste ezertarako. Aldaketa handia da hori. Aldaketa hori teologiaren berrikuntza sakonean eta elizaren demokratizazioan gauzatuko ote den ikusteko dago.

Euskal Herriko bakegintzan zein pauso eman beharko lirateke? Elkarbizitzaz eta barkamena eskatzeaz hitz egiten da. Garaileak eta garaituak. Zein iritzi duzu zuk gai horri buruz?
Hobe dira eztabaida horiek hiletak baino. Inork uste ez zituen aurrerapausoak eman dira urte hauetan, zorionez. “Garaileak eta garaituak”, ordea, gerrako hizkera da. Eta ulergaitza baino gehiago onartezina iruditzen zait Espainiako Gobernuaren jarrera itxia. Horren aurrean, noski, ETAk alde bakarreko pausoak ematen jarraitu behar du. Barkamena eskatzea ongi dago, denen aldetik, baina ezin da exijitu, eta ezin da hori ezertarako baldintza gisa jarri.

Presoen arloan, kartzela politikaren inguruan zer iritzi duzu?
Kartzelak ez du zentzurik mendeku eta zigor gisa, eta hala ulertzen da oraindik, oro har. Inork ez luke kartzelan egon behar, berriro ez duela indarkeriara joko jakinda gero.

Elorrioko berbaldian zein gai hartuko duzu hizpide? Zeri buruz hitz egingo duzu bertaratzen direnen aurrean?
Zergatik eta zelan jarraitu Jesusi? gaia jarri didate. Azaltzen saiatuko naiz zein on eta ongarri izan daitekeen gaur Jesusen bidea bizitzea: askatasuna, esperantza, senidetasuna eta errukia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!