Salsa eta bachata, gerria mugitu eta mitoak apurtzeko

Anboto 2014ko mar. 5a, 09:03

Astelehenean gaztetxean egindako dantza saioa.
Gaztetxeko salsa eta bachata ikastaroak arrakasta eduki du; 45 lagun batu ziren lehen saioetan

 

Elorrioko gaztetxean ematen dabiltzan salsa eta bachata ikastaroak arrakasta itzela dauka. Astelehenetan elkartzen dira dantza egiteko, 20:00etan. Lehenengo bi saioetan 45 bat lagun batu ziren, eta aste honetakoan 25. Berez lau saiotako ikastaroa izan behar zen, baina partaideen eskariz beste bi ere egingo dituzte, eta hilaren 24ra arte luzatuko da. Iker Minguez dabil irakasle, eta pozik agertu da. Karibeko erritmoekin gogotsu dabiltza gerria mugitzen.

"Lotsa kendu behar dugu; askatu eta disfrutatu". Euskaldunok gatz bakoak garelako mitoari buelta eman behar zaiola uste du Minguezek. Elorrion hogei bat mutilek parte hartu dute, beste aurreiritzi bat apurtuta. 

Minguez Hego Amerikan egon zen urtebetez, eta han hartu zuen afizioa. 2012an Durangoko Txo tabernan hasi zen ikasten, eta bere ikaskide bik, Raquel eta Jonek, laguntzen diote gaztetxean. Guztien laguntza eskertu, eta Elorrioz kanpokoak ere gonbidatu ditu ikastarora.

Salsa eta bachatak herrian eduki duten arrakastaren ondorioz, Mojito Gaua ospatuko dute hilaren 15ean, Parra tabernan. Horrela, gaztetxean ikasitakoa praktikan ipini ahalko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!