Aurrekontu barik, proiektuak banan-banan onartu dituzte

Anboto 2014ko otsailaren 20a

Ibarrako proiektua da onartutako aldaketen artean inbertsio handiena beharko duena.
Ibarrako zubia eraikitzeko proiektua da onartutako inbertsio handiena

 

Presoen senideei ustez emango zitzaien laguntza baten harira, PPko Carlos Garcia zinegotziak ez zuen 2014rako udal aurrekontua babestu, eta, ustekabean, ez zen aurrera atera. EAJren proposamenari osoko zuzenketa egin zion Bilduk, baina Garciak proposamena onartzea espero zen. Egoera horretan, gobernu taldeak iazko aurrekontua luzatzea erabaki zuen. Ondorioz, barikuko batzordean banan-banan onartu zituzten EAJren proiektuak. Bertan, Ibarrako zubia eraikitzeko egitasmoa da inbertsio handiena, 1.164.000 eurogaz. Herriguneko trafikoa arindu gura dute, Ibarra auzoa eta gasolindegia lotuta. 

Beste proiektuen artean, Esteibarlandan estalitako parke bat egingo dute umeentzat, 150.000 eurogaz. Gobernu taldeak esan du orokorrean herritarren bizi kalitatea hobetzeko egitasmoak direla, eta nagusiei zein merkatariei laguntzeko partidak nabarmendu ditu. Oraingoan Garciaren babesagaz onartu dira. Ibarrako proiektua estrategikoa dela dio. Gainera, partida batzuk berak proposatu dituela esan du, zahartze aktiboa sustatzekoa, adibidez.

Bilduren ustez, "EAJren kudeaketa penagarriaren ondorioa" da aurrekontuekin gertatutakoa. Kritikatu dute EAJk ez duela euregaz adostasunik bilatu: "Lehen aldia da azken zazpi urteetan aurrekontuetan gobernuan dagoen taldeak ez duela oposizioko alderdiarekin inongo bilerarik izan". Bestalde,  Bilduren ustez, "EAJren eredua ez dator bat bizi dugun egoera sozioekonomiko larriagaz". 

Aurrekontu faltak ez dio eragin Elizaldeko igerilekuen obrari, iaz onartu zutelako finantziazioa. Hala ere, Bilduk uste du herria “hipotekatuko” duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!