Herritarrek telefono eta web bidez egin ahalko dituzte ekarpenak

Anboto 2014ko otsailaren 12a

‘Elorrion’ deitzen da herritarren ekarpenak jasotzeko udalaren tresna berria

 

Elorrion. Horrela deitzen da herritarren ekarpenak jasotzeko udalak sortu duen tresna berria. Telefono mugikorretarako eta ordenagailuetarako aplikazioa da, eta elorriarrek kalean hobetzeko ikusten dutena helaraztea gura dute. Baina, udaletik herritarrenganako norabidea ere edukiko du; aisialdiko agenda eta beste zerbitzu publikoen informazioa ere egongo dira eskuragarri aplikazioan bertan.

Aurrerantzean, herritar batek kalean zer edo zer apurtuta edo egoera txarrean ikusten badu, bere telefonotik edo ordenagailutik (elorrion.net) informatu ahalko du udala. Adibidez, farol bat ez dabilela konturatuz gero, argazki bat atera, eta xehetasunak idatziko ditu, eta herriko mapa batean markatuko du kokalekua. Informazio guzti hori gorde egingo da aplikazioan, eta udalak automatikoki jasoko du.

Horrela, kexak edo proposamenak zehaztu diren kokalekuen inbentario antzeko bat egongo da ikusgai. Kolore berdez azalduko dira udaletik erantzuna jaso dutenak, eta erantzunik jaso ez dutenak gorriz. 

Hartu-emana indartzeko

Udalak 4.800 euro inbertitu ditu tresna berriaren diseinuan eta gestioan. Iritziak Batuz enpresak garatu du aplikazioa, eta Jonathan Morenok eman zituen azalpenak martitzenean. Ana Otadui alkateak adierazi zuen tresnagaz partaidetza, gardentasuna eta zabaltasuna sustatzen segitu gura dutela: “Udalaren eta herritarren arteko hartu-emana indartzea da helburua”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!