Udalak eta Gerediaga Elkarteak 1999tik edukitako lankidetza hitzarmena berritu dute. Urteak pasatu dira, eta hitzarmen hori gaur egungo egoerara ez zela egokitzen uste zuten. Gainera, udalak azken urteotan egondako elkarlana eskertu eta aitortu gura izan dio elkarteari. Hainbat ekimen atera dituzte aurrera elkarlan horren harira: Europako Ondare Jardunaldiak, Astola aldizkarian Elorriori buruz publikatutako informazioak, herriaren sustapen turistikoa Durangoko Azokaren egunetan... Lankidetza horretan jarraitzeko gogoa adierazi du udalak.
Prentsa oharra bidali dute udal arduradunek hitzarmen berriaren arrazoiak azaltzeko. Urtero 2.500 euro jasoko ditu Gerediagak, eta dokumentazio lanetan laguntzen jarraituko du udalak.
Gerediagaren helburuekin bat egiten duela esan du udalak, ondarearen arloan herrian egiten duten lana adibide lez hartuta. Durangaldearen nortasuna berreskuratu eta indartzeko lanak, “nortasun kolektibo” horren inguruko azterketa berriak ekarriko dituela esan dute erakunde biek.