Gazetako kofradiaren 400. urtemuga ospatuko dute

Anboto 2014ko urt. 10a, 08:00

Gazeta auzoko jaiak hasi ziren joan zen asteburuan, erregenak. Herri-kirolak, musika, otorduak... Ekintza ugari izan dituzte. Bihar amaituko dute egitaraua, auzo afariagaz eta Bide batez erromeria taldeagaz. Jaien harira, auzotarrek aurtengo ekimen esanguratsu baten berri eman dute. Gazetako kofradiaren lehen estatutuak idatzi zirenetik 400 urte beteko dira uztailaren 25ean, eta horren bueltan hainbat ospakizun egingo dituzte urte osoan.

Nerea Landaburu antolatzaileak azaldu duenez, gertaera hura baino 100 urte lehenago ere badago Gazetako kofradiaren berri paperen batean. Izan ere, uste dute duela 600 urte inguru sortu zela kofradia. 

Kofradiak, antzinako antolaketa ereduak ziren, eta auzoak kudeatzeko arauak ezartzen zituzten. 1968an elkarte gastronomiko bat sortu zen auzoan, eta horrek hartu zuen kofradiaren lekukoa, Landabururen arabera. Beraz, nagusiki izaera ludikoa dauka gaur egungo mugimenduak. Baina, azaldu dute auzoa bateratzeko kutsua ere baduela elkarteak. Adibidez, auzolanean konpondu izan dituzte bideak.

Ospakizun batzuk prestatzen hasi dira dagoeneko. Esaterako, aurten, argazki zaharren erakusketa ipiniko dute ermitan. Gainera, uztailaren 25ean, urteroko auzo bazkaria duela 400 urte lez egingo dute, orduko janzkeragaz eta jakiekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!