Ezustean, Garciak ez du onartu aurrekontua

Anboto 2013ko abe. 19a, 13:07

Presoen senideei ustez emango litzaiekeen laguntza dela-eta, aurka bozkatu zuen Garciak

Presoen senideei ustez emango litzaiekeen laguntza dela-eta, aurka bozkatu zuen Garciak.

 

Atzo 2014rako udal aurrekontua onartzeko eztabaida egin zuten udalbatzarrean. EAJko gobernu taldeak eta Bilduk proposamen bana aurkeztu zuten, aurretiaz partaidetza prozesu bana garatu, eta geroko emaitza gisa. Bazirudien EAJrena onartuko zela, PPko Carlos Garciaren aldeko bozkagaz edo abstentzioagaz berdinketa apurtuta, baina ez zen hala izan. Garciak Ana Otadui alkateari galdetu zion ea presoen senideei diru-laguntzarik emango zaien, dispertsioa dela-eta. Otaduik erantzun zuen aurrekontuan ez dagoela aurreikusita. Idoia Buruagak (Bildu), ostera, jakinarazi zuen Otaduik berba eman ziela senideei laguntza hori emateko. Aurrekontuan egon ez arren, udalek aldaketak egiteko aukera daukate urtean barrena. Eztabaida horren erdian, Garciak aurrekontua ez onartzea erabaki zuen.

 

“Kontrako botoa ez genuen espero”, esan du Joseba Mujika alkateordeak. Orain zer egin aztertzen dabiltza, aurrekontua berriro batzarrera eroan edo 2013koa luzatu. 2014rako aurreikusi dituzten proiektu estrategikoak garatzeko asmoa berretsi du Mujikak, eta horien artean Elizaldeko igerilekuenak ez daukala arriskurik azaldu du. Uztailean onartu zen ekimena, eta hori zelan finantzatu ere bai. Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera, udalak 2,7 milioi euro erabiliko lituzke inbertsio errealak egiteko, eta, horretarako, zorretan sartu beharko litzateke, mailegu bat eskatuta. Igerilekuak, Aldapebeitia eraikinaren egitura trinkotzeko lanak, eta Ibarra kaleko zubia eta errepidearen urbanizazioa dira inbertsio horiek. Hala ere, Ana Otadui alkateak (EAJ) azaldu zuen plan horretarako “zuhurtzia” erabili dutela, Aldundiak ezarritako zor publikoaren muga ez luketelako gaindituko. Iaz baino %29 handiagoa litzateke aurrekontua. Ekonomia eta enplegua sustatzea eta gizarte-laguntzei eustea dituzte lehentasun nagusi.

 

Idoia Buruagak (Bildu) gobernu taldea kritikatu zuen, aurrekontuan diru gehiago izanda, gizarte-ekintzako gastua berdin mantentzeagatik. Buruagaren ustez, igerilekuak egiteko mailegua eskatzea ez da erantzukizunez jokatzea: “Herria hipotekatuta utzi dezakeen aurrekontua da EAJrena”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!