Hilaren 2an hasi zituzten Elizalden kanpoko igerilekuak egiteko obrak.
Ingurua hesituta, makinak lurrak mugitzen dabiltza. Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) adierazi du lanak ekainerako amaitzea aurreikusita dagoela. Hiru igerileku egongo dira: umeena, beste bat jokoekin eta hirugarrena nahieran ibiltzekoa. Gainera, taberna bat ere ipiniko dute, terraza eta guzti.
Proiektu honek eztabaida bizia eragin izan du herrian azken urtean. EAJren hauteskunde programako gaietako bat zen. Bildu, ostera, ez da ados agertu ereduagaz. Udalak herritarrei poiektuaren gaineko iritzia eskatu zien, baina partaidetza prozesu horrek ere ez zuen adostasuna aurkitu.
Ernairen kritika
Aste honetan bertan Ernai gazte erakundeak egitasmoa kritikatu du. Zalantzan ipini du partaidetza prozesuarekin herritarren iritzia jakin gura izatea, eta elektoralismoa egotzi dio EAJri. Gainera, gazteek bizi duten egoera gaitza dela ohartarazi dute, eta ez dute ikusten euren arazoak konpontzeko borondaterik. "Amorratzen gaitu ikusteak gure etorkizunak bost axola diela promesa elektoralak betetzen tematzen diren horiei".