Domeka honetan ospatuko dute Kainabera GKEren elkartasun jaialdia. Ohitura bihurtu da ekintza solidario hau Gabon bueltan egitea, eta bertan batzen den dirua ongintzara bideratzen dute. Aurten, Elikagaien Bankuari emango diote.
12:00etan hasiko da jaialdia, Hilario Azkarate pilotalekuan. Agustin Garamendi Musika Eskolak, Besaide dantza taldeak, Durangaldeko Txistulariek, Eduber dantza akademiak, Txintxirri ikastolak eta plazako dantzen ikastaroko kideek parte hartuko dute, Kainaberakoek azaldu dutenez.