Elorriarrak dastatzaile lanetan ibili dira odoloste txapelketetan

Anboto 2013ko abe. 9a, 09:15

Odoloste onenaren sariak Patxi Aranbarri elorriarrak eta Traña-Matienako Milikua harategiak irabazi dituzte. Pintxo gozoenen saria, Xara eta Parra tabernek. Asteburuan ospatu dute Elorrion lehenengo Buzkantza Jaia, parte hartze handiagaz

Odoloste onenaren sariak Patxi Aranbarri elorriarrak eta Traña-Matienako Milikua harategiak irabazi dituzte. Pintxo gozoenen saria, Xara eta Parra tabernek. Asteburuan ospatu dute Elorrion lehenengo Buzkantza Jaia, parte hartze handiagaz.

 

Odolostea hamaika eratara probatzeko aukera egon da asteburuan Elorrion. Barikuan odoloste edo buzkantza ekoizleen arteko txapelketa izan dute, eta zapatuan, tabernarien txanda; odoloste pintxo lehiaketa. Epaimahai profesionalaz gainera, herritarrek ere, odolostea dastatu eta euren bozka emateko aukera eduki dute.

 

Buzkantza txapelketan, epaimahai profesionalaren saria Milikua harategiak irabazi du, eta herri dastaketakoa Patxi Aranbarri elorriarrak. Dastaketa hori elkarte gastronomikoetan egin dute. Sei odoloste egon dira dastatzeko, eta 150 pertsonek parte hartu dute dastaketan.

 

Xara eta Parrako pintxoak

Zapatuko lehiaketan tabernetako sukaldarien sormena ebaluatu dute epaimahi profesionalak eta tabernaz taberna jardun duten herritarrek. Xara tabernak jaso du epaimahai profesionalaren lehenengo saria, eta herritarren bozketan Parra tabernako pintxoak izan du arrakasta gehien

 

Herri giroa

Odolostearen inguruko jaiaz gainera, herriko merkatari eta artisauak kalera joateko asteburua izan da pasatu berri dena. Barikuan merkatariak eta zapatuan artisauak, frontoian ipinitako karpan euren produktuak saltzen ibili dira. Kristina Sierra jaiaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, "espero baino parte hartze handiagoagaz" joan da I.Buzkantza jaia. Helburua herria dinamizatzea izan dela kontatu du, eta pozik agertu da ekimenak izan duen harrerarekin: "Odoloste dastaketarako 150 kupoi genituen aterata, eta azkenean jendeari ezetz esan behar izan genion, uste baino gehiagok eskatu zuelako".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!