Azaroan hasiko dira kanpoko igerilekuak eraikitzen

Anboto 2013ko urr. 30a, 14:23

Kanpoko igerilekuen obra adjudikatu du udalak; bederatzi hilabetean amaitzea aurreikusi dute

Kanpoko igerilekuen obra adjudikatu du udalak; bederatzi hilabetean amaitzea aurreikusi dute.

 

Elizaldeko kanpoko igerileku berrien obra adjudikatu du Elorrioko Udalak, eta azaroan bertan hasiko dira beharrean. Construcciones Olabarri enpresak edukiko du lanen ardura, eta bederatzi hilabetean amaitzea aurreikusi dute. 991.457 euroko aurrekontua daukate; gobernu taldeak azaldu duenez, lizitazio sasoian baino %25 txikiagoa da diru kopurua. Adjudikazioa udalbatzarrak onartu zuen joan zen asteko osoko bilkuran. EAJk eta PPk egin zuten alde, eta Bilduk kontra. Koalizioaren izenean, Jon Ander Graciak esan zuen ez daudela igerilekuak egitearen kontra, baina bai proiektu horren aurka. Kostu ekonomikoa berbagai izan zuen: “Etorkizuna baldintzatuko du. Putzu ilun bat izango da etorkizunean herria kudeatuko dutenentzat”.

 

Horrez gainera, igerilekuak egin ala ez erabakitzeko partaidetza prozesuaren izaera kritikatu zuen Graciak: “Gure ustez, propaganda hutsa izan da”. Udalak inkestak egin zituen telefonoz eta kalean karpa bat ipinita. Joseba Mujikak (EAJ) proiektua defendatu zuen, baita parte-hartze prozesua ere. Bere ustez, herritarrek eman dute iritzia, eta horri balioa eman behar zaio. 208 ekarpen jaso zituzten, eta %80 aldekoak izan ziren; telefono inkestetan, lautik bat agertu zen alde, eta hamarretik bakarra kontra. Gobernu taldeak, hasiera batean, aurrekontuetatik aparte utzi zuen proiektua, herritarren iritzia jakin guran. Prozesuaren ostean, uztailean onartu zen igerilekuak egitea. Eta hiru igerileku egongo dira instalazioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!