Partaidetza prozesu bi, aurrekontu bakarrerako

Anboto 2013ko urr. 30a, 09:24

2014rako udal aurrekontuak zehazteko prozesu parte-hartzaile bi daude martxan Elorrion. Alde batetik, Bilduk urriaren 15ean hasitakoa. Bestetik, udaleko gobernu taldeak (EAJ) gaur martxan ipiniko duena. Bilduk kritikatu du ez duela udalaren bidez garatuko den prozesuaren inongo berririk

2014rako udal aurrekontuak zehazteko prozesu parte-hartzaile bi daude martxan Elorrion. Alde batetik, Bilduk urriaren 15ean hasitakoa. Bestetik, udaleko gobernu taldeak (EAJ) gaur martxan ipiniko duena. Bilduk kritikatu du ez duela udalaren bidez garatuko den prozesuaren inongo berririk.


Gaur, gobernu taldeak egindako zirriborroa aurkeztuko dute batzar zabalean. Iturrin izango da, 19:00etan. Azaroaren 7an eta 8an tailerrak egingo dituzte, eta 18an aurkeztuko dute azkeneko dokumentua. Tartean, azaroaren 11n eta 14an, informazioa emango dute kalean ipinitako karpa batean. Herritarren iritziak aztertuko dituztela esan dute gobernu taldeko ordezkariek: “Udalak kudeaketa gardeneko eredu parte-hartzaile baten aldeko apustua egin du”.


Bilduk eztabaida saio bi egin zituen 30 lagunen parte-hartzeagaz. “Pozik gaude, kontuan edukita zenbat jende hurbildu den udaletik antolatutako beste prozesuetara”, esan dute. Egunotan inkesta bat banatuko dute etxerik etxe, eta emaitza guztiekin proposamen bat idatzi eta aurkeztuko dute.


Gobernu taldeak, partaidetza prozesua uda aurretik hasiko zela iragarri zuen. Bilduk esan du iaz kritika jaso zutela prozesua urrian hastearren, eta aurten EAJ bera dela berandu dabilena, azaroan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!