Presio fiskala gutxitu guran, diru-laguntzak

Anboto 2013ko urr. 17a, 08:34

Udalak 2013ko zergak %2,5 igo zituen; alargunak eta gazteak konpentsatuko dituzte, esaterako

Udalak 2013ko zergak %2,5 igo zituen; alargunak eta gazteak konpentsatuko dituzte, esaterako.

 

Elorrioko Udalak 2013ko zerga eta tasak %2,5 igotzea onartu zuen iaz, aurtengo ordenantza fiskalak ezartzerakoan. EAJk eta PPk babestu zuten proposamen berria, eta Bildu abstenitu egin zen. Igoerak konpentsatzeko, diru-laguntzak eskaintzea aztertu zuten, presio fiskala gutxitu guran. Hasieran alargunei bakarrik eskaintzea zen gobernu taldearen asmoa, eta Bilduk beste sektore batzuei ematea ere eskatu zuen. Hortik abstentzioa. Bada, dirulaguntzen eskaintza hori zabalduta iragarri dute orain.

 

Alde batetik, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzen lagunduko diete alargunei, pentsiodunei, langabetuei, ezinduak dauzkaten familiei, genero idarkeriaren biktimei eta guraso bakarreko familiei. Azaroaren 30era arteko epea dago laguntza horiek eskatzeko. Udalak 5.000 euro inbertituko ditu deialdi horretan, adierazi dutenez.

 

Bestetik, gazteek etxearen alokairua ordaintzeko laguntza eskatu ahal izango dute. Udalak 9.000 euro dauzka gordeta ekimen hori bideratzeko. 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako laguntzak dira. Alokairuaren erdia izango litzateke eskatzaileek jasoko luketen laguntza. Baina, muga 250 euroan ezarri dute. Urriaren 31 da eskaerak egiteko azken eguna. Laguntzetatik kanpo geratuko dira 750 euro baino gehiagoko alokairuak, eta urtean 28.000 euroko diru-sarrerak dauzkaten gazteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!