"Ezetz hutsaren bidez mugak ipintzeko modua inori ez zaigu gustatzen, helduoi ere ez"

Anboto 2013ko urr. 6a, 08:50

Gurasoentzako ere hasi da ikasturtea. \'Guraso izaten ikasten: Haurrekin batera hazi eta hezitzen\' ikastaroa ematen dabil Nerea Mendizabal Elorrion. Txintxirri ikastolako gurasoekin lehen saioa egin, eta hurrengo egunean erantzun die galderei

Gurasoentzako ere hasi da ikasturtea. ‘Guraso izaten ikasten: Haurrekin batera hazi eta hezitzen’ ikastaroa ematen dabil Nerea Mendizabal Elorrion. Txintxirri ikastolako gurasoekin lehen saioa egin, eta hurrengo egunean erantzun die galderei. 

 

Ikastaroan guraso askok eman du izena. Umeen heziketaren inguruko kezka handia nabari duzu?

 

Atzo polita izan zen, gurasoetako batek nik askotan esaten dudan gauza bat esan zuelako: Guraso titulua jasotzen dugu umea jaio delako, baina oso gutxi heltzen gara prestatuta guraso izatera. Titulu hori hartzen dugunean seme-alaben heziketan buru-belarri jartzen gara: haurrari zer dagoen ondo eta zer gaizki ikusarazi, arduratsua izateko zer egin behar lukeen azaldu, autonomoa izateko... Atzo erronda egin genuen guraso moduan gure-seme alabentzat zer nahi dugun aurkezteko. Oso polita da entzutea guraso guztiok konpartitzen ditugunak, bakoitzak bere modura esanda: “Umea zoriontsu izatea gura dut”, “bere buruarekin konfiantza izatea”, “aske izatea eta askatasun hori nik errespetatu ahal izatea”... Oso gauza politak dira guraso garen aldetik gure seme-alabentzako nahi ditugunak. Zer nolako harremana nahi dugun ere galdetu nien. Orokorrean harremana haurrekin maitasunean oinarritua izatea nahi dugu, errespetuan, komunikazioan... Gero konturatzen gara batzuetan helburu horietara bidean ondo goazela, baina beste batzuetan, automatikoki ikasi dugun moduan jokatzen dugu; haurrak ez badu egiten egin beharko lukeena, sermoia botako diot, errieta egingo diot, mehatxua... Guraso Eskolan uste dut hori dela ardura nagusia; haurren jarrera batzuen aurrean nola lagundu ahal diegun, gatazkak kudeatzerakoan, guk nahi dugun harreman horretara bidean ondo joateko.

 

Mugei buruz berba egiten da horrelakoetan. Hitz gakoa da hori?

Asko aipatzen dira mugak, baina batzuetan ez dira egoki erabiltzen. Ikastetxean arazoren bat badago ikasleekin, “ikasleek ez daukate mugarik”, haur bat negarrez jartzen bada supermerkatu erdian, eta amak ez badaki zer egin, “ama horrek ez daki muga jartzen”... Edozer gauza lotzen dugu mugak jartzearen zailtasunarekin, eta zentzu horretan, mugak ulertzeko modua oso azalekoa izaten da. Pentsatu dezakezu: “Ume horrek mugak behar ditu musu puntan jartzen zaiona egiten duelako, eta nonbaitera ez igotzeko esaten diozu, eta igo egiten da”. Hori mugen ikuspuntu bat da. Niri interesatzen zaidan beste ikuspuntua helduen mugena da; Nik ez badut nahi barandara igotzea, seguru egon nahi dudalako da minik hartu gabe ibiliko dela, eta hori horrela izan dadin nire esku dagoen dena egin nahi dut. Eta muga hori nirea denez, haurrak nire muga zein den ezagutu behar du, eta hori errespetatua izateko jartzen dudana zuzentasunez iristea. “Nik seguru egon nahi dut minik hartu gabe ibiliko zarela, eta ez nago lasai, beldur naiz. Horregatik eskatzen dizut hortik jaistea (edo arrisku handia bada, hartu eta jaitsi egingo dut)”. Askotan ezetz esate hutsarekin geratzen gara. Muga jarriko dut nire beharretatik hitz egiten, eta aldi berean, ahaleginduko naiz umearen beharrak ulertu eta beste modu batera eskaintzen, zuk bilatzen duzuna, baina ni lasai egonda.

 

Debeku kontuak aipatu dituzu. Ezezko asko entzuten dute umeek?

Uste dut ezetz hutsaren bidez mugak ipintzeko modua inori ez zaigula gustatzen, helduoi ere ez. Imajinatu ondoan etengabe beste norbait edukitzea esaten zer ez dudan egin behar, nola egin behar dudan, aginduen bitartez, mehatxuen bitartez, konparazioekin: “zure anaia txikia begira nola dagoen, eta zu?”. Nik ez nuke askorik iraungo pertsona horren ondoan. Guri horrenbeste ezezkok haserrea, inpotentzia, mina, sortzen badigu, umeei ere, berdin-berdin. Ez dut esan nahi ezezkorik ez dela esan behar. Argi daukat ezin dizudala utzi bost ordu telebista ikusten, edo jatorduan ezer jan ez, eta gozokiak jaten. Kontua da ezezko hori nola zaintzen dudan. Ezezko batzuk agian entzunda dauzkat, eta horregatik diot etxean hanka-hutsik ezin dela ibili. Ikusi beharko da pertsona bakoitzarentzako nolako ezezkoak diren garrantzitsuak. Ezezko asko badago, debekuak tentatzaileak dira. Ezin da bizi debeku askorekin, saltatu egingo dituztelako.

 

Adimen emozionala landuko duzue Guraso Eskolan?

Bai, emozioen kontzientzia hartzea garrantzitsua da gure bizitzaren gidaritza hartuta bizi nahi badugu. Baina ez hori bakarrik. Emozioen jatorria ulertzea oso baliotsua da. Emozio horien jatorria gure beharretan dago. Esan dezaket, “haserre nago, ez duzulako bazkaldu”. Haserrearen arrazoia bestearen jokabidean jartzen dugu, eta nire ustez klabea da ulertzea gure emozioen motiboa ez dela besteek egin dutena; nire beharrek aktibatzen dute emozio hori. Arduratuta nago ez nagoelako seguru ama moduan zu osasuntsu egoteko egin behar den dena egiten ari ote naizen. Nire beharra deskubritzen dudanean, hortik etorriko dira soluzioak. Hori egin ezean, nire indarrak batuko ditut bestea aldatzen, eta umea aldatzen ahalegintzea urruti dago lortu nahi ditudan elkarbizitzarako helburuetatik. Guk argi eduki behar dugu lehenengo zer sentitzen dugun, eta horrek lagundu egingo digu egin eta esan beharrekoak argiago ikusten. Garrantzitsua da nire beharrak zeintzuk diren deskubritzea, eta behar horiei soluzioa jartzea.

 

Soluzio magikorik, orduan?

Ez dago jatorduak kudeatzeko edo lotara joateko errezetarik. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du bere premietatik abiatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!