Joan zen asteburuan ipini zuten martxan zerbitzua Aldapebeitia Jauregian. Anbulantzia dago bertan.
Gurutze Gorria larrialdietako zerbitzua eskaintzen hasi da asteburuetan. Joan zen asteburuan ipini zuten martxan Aldapebeitia Jauregian. Barikuetan, 21:00etan hasiko dira beharrean, eta domekan ordu berean amaituko dute. Anbulantzia egongo da bertan, eta horrela, Elorrion aspalditik egon den eskaera beteko da asteburuetan.
Udalak Aldapebeitia Jauregiko lau gela utzi dizkio Gurutze Gorriari. Horrez gainera, bertako kostuak ere ordainduko ditu: ura, argia eta telefonoa. Gurutze Gorriak boluntarioekin beteko du ordutegia, eta anbulantziaz gainera, Osakidetzak eskatzen duen beharrezko materiala ere edukiko dute.
Udalak eman du albistearen berri, eta Ana Otadui alkateak iritzi positiboa agertu du prentsa ohar bidez: “Albiste ona da, bai Elorriorentzat, bai inguruko herrientzat. Izan ere, inguruan dagoen baliabide faltaren ondorioz, eurek ere aprobetxatuko dute”.
Elorrion anbulantzia zerbitzua ezartzeko ahalegina atzeragotik dator. 2011n Otadui Gurutze Gorriko ordezkariekin batzen hasi zen, akordio bila. Baina, aurrekontu handia izango litzatekela-eta, egitasmoak ez zuen aurrera egin. Orain, tratua egin dute. Momentuz, asteburuetan eskainiko du zerbitzua Gurutze Gorriak.