Aste Berdea dela eta, Elorriora etorri da Ziortza Elorriaga karbono aztarnaren inguruko berbaldia ematera. Klima aldaketan eragiten duten emisioak neurtzeko teknikei esker, gas kutsatzaileak murrizteko ekimenak egin daitezkeela nabarmendu du.
Zer da zehazki karbono aztarna?
Guk klima aldaketan zenbat eragiten dugun neurtzeko modu bat da. Gramotan, kilogramotan edo tonatan atmosferara zenbat CO2 igortzen den neurtzen da. Berotegi efektua beste gas batzuek ere eragiten dute, baina CO2a kantitatez gehien dagoen gasa da. Karbono aztarna edozein jardueratan eta edozein produkturen bizitza zikloan aztertu daiteke: lehengaiak atera direnean, ekoizterakoan, produktuaren erabileran...
Galdetegi batzuk badaude, neurketa egiteko metodoak...
Bai, neurtu gura denaren araberakoak. Udaletxe baten aztarna neurtu daiteke, edo produktu batena. Arau batzuk daude kalkulua egiteko: Inbentario bat egiten da egoten diren kontsumoekin, eta horri emisio faktore bat biderkatzen zaio.
Hemen, inguruko enpresetan eta bestelakoetan, zabalduta dago kalkulu hori egitea?
Bai, sentsibilitatea badago enpresa eta administrazioen aldetik. Baina azkenean, beti punta-puntan ibili diren enpresek egiten dute normalean. Beste batzuk, gaur egun, beste arazo askogaz dabiltza, eta ez daude horretara. Enpresa batzuek fabrikatzen duten produktuen karbono aztarna neurtzen dute, bezeroei informatzeko, eta neurtu eta gero, gutxitzeko. Diagnostikoa egin eta gero, emisio gehien non dagoen jakin, eta murrizteko ekintzak egitea da kontua. Konpromiso hori hartzen dute. Ekintzen bideragarritasuna ikusi, eta ahal bada, murriztu egiten da.
Asko kutsatzen duten enpresek derrigorrez neurtu behar dituzte emisioak.
Europako arau batzuek horrela aginduta, sektore batzuek, eta euren barruan enpresa batzuek, muga bat daukate. Emisio eskubideen mugak pasatuz gero, isun bat ordaindu behar dute. Gero, mekanismoak daude, eta emisio eskubideak erosi edo saldu ditzakete enpresek. Horrela funtzionatzen du CO2aren merkatuak. Diru hori penalizazio moduan ikusten da.
Pertsona bakoitzak egunerokotasunean ere badauka bere karbono aztarna.
Guk etxean ura kontsumitzen dugunean, berogailua jartzerakoan, kotxea hartzerakoan... hainbat jardueragaz emititzen dugu karbono dioxidoa. Batzuetan zuzenean, eta beste batzuetan zeharka. Kotxea hartzen dugunean, esaterako, zuzenean emititzen dugu. Ura edo argia kontsumitzerakoan, berriz, momentu horretan ez gaude CO2 emititzen, baina, adibidez, energia kontsumitzen badut, eta energia hori ziklo konbinatuko zentral batean sortu bada, era ez zuzen batean karbono dioxidoa emititzea eragin dut.
Elikagaien karbono aztarnari buruz ere berba egiten da, ezta?
Bai. Ardoaren alorrean, eta beste elikagai batzuetan ere neurtu dute. Kontsumitzaile arduratsuak izateko bidea izan daiteke etiketan osagaiak irakurtzen ditugun moduan, produktuaren ekoizpenean zenbat CO2 emititu den jakin ahal izatea. Hemen, oraindik ez da asko egiten. Ardoaren kasuan, adibidez, kalkuluek ardoaren bizitza ziklo osoa hartuko dute kontuan: lurra lantzeko erabili diren traktoreen gasolioa, produkzioan egon den argiaren kontsumoa, supermerkatura joateko kamioiak... Ez dago oso zabaldua, baina Frantzian lege bat atera dute, eta bertan saltzen diren produktuek euren karbono aztarna eduki behar dute etiketan idatzita.
Karbono aztarnaren kalkuluak aterata, zer ondorio ateratzen dira? Zer murrizteak dauka lehentasuna?
Neurketagaz ikusten da zer jardueragaz emititzen den CO2 gehien, eta ea murriztu daitekeen, beti ez da posible eta. Gure egunerokotasunean, CO2a murrizteko, garraioan asko eragin daiteke, kotxea gutxiago erabilita. Energia kontsumoan ere murriztu daitezke emisioak. Gure etxetresna elektrikoetan energia aldetik eraginkorrenak direnak aukeratu ditzakegu. Orain, gainera, lege bat onartu dute, eta datorren urtetik aurrera, etxe berrietan nahiz bigarren eskukoak saldu eta alokatzeko, egiaztatu egin behar da eraginkortasun energetikoa. Geroago eta eraginkorragoa izan, gastua txikiagoa izango da. Berogailua ere ahalik eta modu arduratsuenean erabili beharko genuke: neguan berogailua 20 gradutan edo 24 gradutan ipini, aldea dago.
Kontsumo ohiturak aldatzea da kontua, azkenean?
Eraginkorra izatea da kontua. Behar ez den gastu hori saihestea. Badaude beharrezkoak ez diren gastuak. Bonbillen kasuan, kontsumo baxukoak hasieran garestiagoak direla iruditu arren, agian horiek urte gehiago iraun, eta gutxiago kontsumitzen dute. Beraz, merkeagoak izateaz gainera, ingurumenak eskertu egingo du.