Aste Berdea ospatuko dute gaur hasita

Anboto 2013ko ira. 16a, 08:28

Bizikletaren erabilera indartzeko plana aurkeztuko du udalak eguenean, irailaren 19an

Bizikletaren erabilera indartzeko plana aurkeztuko du udalak eguenean, irailaren 19an.

 

Aste Berdea hasiko da Elorrion gaur. Ingurumena zaintzeko ideia oinarri hartuta hainbat ekintza garatuko dituzte, batez ere, informatiboak: berbaldiak, mahai-inguruak, tailerrak... Horien artean, garrantzi berezia hartuko dute mugikortasunagaz lotutakoek. Hau da, zelako garraio sistema erabili ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzeko. Udalak, bizikletaren erabilera indartzeko plan bat garatu du aurten, eta hori aurkeztuko du eguenean. 19:00etan izango da, Iturri kultur etxean. Otsailean hasi zen plana erredaktatzen.

 

Bizikleta herrian mugitzeko alternatiba erreala izan dadin, gune seguruak zehaztu gura izan ditu udalak. Horrela, kutsadura akustikoa, eta CO2 gas emisioak murriztea da euren asmoa. Gainera, herriko espazioaren erabilera ere handiagoa izango dela uste dute.

 

Gaur, karbonoaren inguruan eratutako berbaldiak zabalduko du Aste Berdea. 19:00etan izango da, Iturrin. Hurrengo egunetan, hiri hondakin solidoen gaineko debatea edota saskigintza ikastaroa egingo dituzte, besteak beste. Zapatuan, hilaren 21ean, bizikletagaz ibilaldia egingo dute 10:00etan plazan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!