Joan zen barikuan Nanukek kaleratutako behargina Iheskide taldeko abeslaria da. Elkartasuna adieraziko diote hainbat musikarik bihar Eroskiko zentralaren aurrean: Gose, Sen, Itziarren semeak, Sermond\'s... Iheskidek ere joko du. Goizeko 11:00etan hasiko da kontzertua. Greban daude hainbat behargin.
Eroskiko zentralaren kamioien sarrera kontzertu-gune bihurtuko da bihar goizean, 11:00etan. Adierazi dute Nanukeko zuzendariek bazekitela abeslaria, Xagu, grebalaria izango zela, eta horregatik kaleratu zutela uste dute. "Berarekiko mendekua egin eta gainerako langileen artean beldurra zabaltzeko kaleratu dute", esan dute.
Mugabako greban diraute Nanukeko hainbat langilek, eta jarrerari eutsiko diotela azaldu dute: "Oinarrizko eskaerak direnez, NANUKeko langile grebalariek ez dugu gure eskaeretan atzera egiteko asmorik eta, horregatik, auzokide, herritar eta ingurune guztiaren elkartasunaren bila gabiltza". Xagu lanera bueltatzea, "enpresa hitzarmen duina" eta langileekiko errespetua eskatu dituzte.