Sukalkia eta Elkartasun Eguna, jaien azken txanpan

Anboto 2013ko ira. 6a, 08:38

Munduko kulturak gonbidatu dituzte domekarako

Munduko kulturak gonbidatu dituzte domekarako.

 

Ferixa Nausikoetako bigarren asteburuan murgilduko dira gaur elorriarrak. Jaietako azken txanpa izango da: Sukalki Eguna, bertsolariak, kontzertuak, Elkartasun Eguna... Joan zen asteburuan eguraldi ona eduki zuten, baina oraingoan euria dago iragarrita, eta biharko sukalkia prestatzeko aterpea ipini gura izan dute, badaezpada. Hori azaldu du Fernando Azkarate zinegotziak.

 

Kainabera GKEak antolatzen duen Elkartasun Eguna plazako frontoian ospatuko dute domekan. Herriko hamabi kulturak gonbidatu dituzte: Bereber edo amazigh herria, Uzbekistan, Portugal, Ekuador, Bolivia, Nikaragua, Kolonbia, Venezuela, Senegal, Mali, India eta Euskal Herria. Horien guztien gastronomia dastatzeko aukera eskainiko dute, 10:00etatik eguerdira bitartean. Jasotako dirua Bizkaiko Elikagai Bankura bideratuko dute.

 

2.000 lagun astelehenean

Azkaratek adierazi du ez dutela oraindino balorazio ofizialik egin, baina lehenengo sentsazioen arabera oso ona dela. Astelehenean, Koadrilen Eguneko bazkarian, 2.000 lagunen bueltan batu ziren. Birziklatzearen aldeko azoka “ustekabea” izan zela esan du, harrera onagatik.

 

Bestalde, domekako ferian “jendetza itzela” elkartu zen, Azkarateren arabera. Datorren urtean, produktore gehiagori lekua egin, eta azoka handitzeko asmoa daukate, aurten hainbat kanpoan geratu dira-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!