Azkenean egia bihurtuko da Elizaldeko kanpoko igerilekuen proiektua. Gobernu taldeak aurtengo aurrekontuetatik kanpo utzi zuen, lehenago herritarren iritzia ezagutu eta proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Bada, pauso biak emanda, uztaileko udalbatzarrean onartu zuten proiektua.
Gobernu taldeak hainbat datu aurkeztu ditu obra eta osteko mantenimendua ordaindu ahal dituela egiaztatzeko. Obrak milioi batetik gorako gastua dauka; udalak 3,8 milioi dauzka banketxeetan, eta 2,7 milioiko soberakin garbia ere bai.
EAJk esan du aspaldiko eskaera dela igerilekuena, eta oraingo inkestetatik ere hori ondorioztatu dutela. 208 ekarpen jaso dituzte eta %80 aldekoak izan dira; telefono bidezko inkestetan, lautik bat dago alde, eta hamarretik bakarra kontra. %55 ez daude ez alde ez kontra.
Bilduk hasieratik esan izan du ez dagoela igerilekuak egitearen kontra, baina ez du bat egin EAJren ideiagaz. Kritika gogorra egin du koalizioak: udalbatzarra baino aste bi lehenago Ana Otadui alkateak esan zuela proiektua ez zegoela konfirmatuta. “Gai-ordenaren bidez enteratu ginen onartzera zihoazela”, esan du Idoia Buruagak (Bildu). Horrez gainera, iritzi bilketan herritarren %3k bakarrik parte hartu duela txarretsi du Bilduk: “Adarjotzea izan da”. Buruagaren arabera, soziologoekin egon dira eta esan diete ez dagoela oinarri sendorik igerilekuen beharra ondorioztatzeko. Emaitzak manipulatzea eta euren intereserako erabiltzea leporatu dio EAJri. “Datorren udarako prest eduki gura dituzte igerilekuak, hauteskundeen aurretik”. Bilduren ustez, igerilekuen beharra justifikatzeko “antzerkia” izan da guztia.
Bestalde, inbertsiorako dirua batzeko etxe bi eta lursail bat erabili izana ez du ondo ikusi Bilduk. Krisialdian beste hainbat proiektu egin ahal izango zirela diote.
Topagune izan guran
Instalazio berrietan hiru igerileku egongo dira: txiki bat umeentzat, beste bat jokoekin, eta hirugarrena bainua nahieran hartzekoa. Taberna bat ipiniko dute, terraza bigaz. 25.000 metro karratuko eremua izango da, berdegune eta guzti.
Gobernu taldeak hainbat abantaila ikusten dizkio proiektuari. Ekonomikoki, zazpi lanpostu sortuko direla esan dute, eta komertzioan eragina igarriko dela. Maila sozialean, igerilekuak elorriarren topagune izatea gura dute.