Dantza, interpretazioa eta kantua uztartzen dituen ikuskizuna da ‘Paris Cabaret’; irailaren 6an taularatuko dute Arriola antzokian, Ferixa Nausikoen egitarauan.
Belaunaldi berrien arrakasta bihurtu dira musikalak. Dantza, interpretazioa eta kantua uztartzen dituzte ikuskizunok. Irailaren 6an Arriola antzokian antzeztuko duten Paris Cabaret da horietako bat. Indar fisiko handiko artista gazteak, balio anitzekoak eta antzezte-genero guztiak menderatzen dituztenak igoko dira oholtza gainera, eta 1900. urteko kabaret klasiko batera eroango gaituzte.
Frantziako noble baten eta dantzari multzo bateko neska gazte baten arteko amodio istorioa du ardatz Paris Cabaret musikalak. Noble frantsesa dantzari gazteagaz maitemindu eta haren amets guztiak betearazi gura ditu, besteak beste, mundu osoan ezaguna izango den dantzari ospetsua izatea. Dirutza handia inbertituko du maiteminduak, eta dantzari gazteak ametsa egia bihurtzea lortuko du.
Sentimenduak bor-bor
Hala ere, dantzari gaztea beste gizon gazte bategaz maiteminduta dagoela jakingo du noble frantsesak, eta horrek hiru pertsonaien arteko sentimendu talka eragingo du. Sasoi hartako dantza eta musika emanaldiek istorio osoa lotuko dute; “oso erritmo azkarra” eta koreografia “ederra” erabiliko dute horretarako, bertaratuko direnak “ikuskizunagaz bat egitea lortzeko”.