Kontzertu dinamikoa eta alaia eskainiko du Vendetta talde nafarrak

Anboto 2013ko abu. 29a, 17:23
‘Fuimos, somos y seremos’ diskoa aurkeztera datoz Elorriora Vendetta taldekoak; ikuspegi positiboagaz, festarako gonbita dakarte irailaren 7rako.

‘Fuimos, somos y seremos’ diskoa aurkeztera datoz Elorriora Vendetta taldekoak; ikuspegi positiboagaz, festarako gonbita dakarte irailaren 7rako.

 

“Kontzertuak ikuspegi alai batetik eskaintzen saiatzen gara”. Vendetta taldeko Pello Reparazen berbak dira, euren emankizunez galdetuta. Kritika soziala ez dute alboratzen, baina ikuspegi positiboa gailentzea gura izaten dute. Eta festarako gonbita dakarte irailaren 7rako. Hiru disko dauzkate kaleratuta, eta azkena aurkezteko biran datoz Elorriora.  Fuimos, somos y seremos laneko abestiekin dantzan ipiniko dituzte jaizaleak. Aurreko lanetan kaleratutako Begitara begira edo Buonasera lako abestiak ere ez dira faltako. Euren aurretik, baina, Sugoi talde elorriarrak joko du.


Nafarroako taldea da Vendetta, Skalariak zenaren errautsetatik jaiotakoa. Bostetik lau ziren Skalariakekoak, eta Reparaz da kide berria. “Euren esperientzia ezinbestekoa izan da”, esan du Reparazek taldekideei buruz. Tronboia jotzen du berak, eta abestu ere abesten du kanta batzuetan. Musikari dinamikoak direla adierazi du, ez daukatela abeslari edo frontmanik. Bere hitzetan, barruan daukatena kaleratzeko aukera dira kontzertuak.


Uda gogorra, “kañeroa”, eduki dute Vendettakoek, hainbat kontzertu eman dituzte-eta. Hala ere, bira amaitzean, Amerikara joateko asmoa daukate, lehenengoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!