Danbor eta upel hotsek alaituko dituzte asteburuan elorriarren belarriak

Anboto 2013ko abu. 29a, 17:19
Heldu eta ume, denak daude prest danborradan parte hartzeko. Ohi legez, abuztuaren 31n irtengo du Nagusien Danborradak; aurten lehenengo biderrez, biharamunean irtengo dute umeek

Heldu eta ume, denak daude prest danborradan parte hartzeko. Ohi legez, abuztuaren 31n irtengo du Nagusien Danborradak; aurten lehenengo biderrez, biharamunean irtengo dute umeek.

 

Danbor hotsez girotutako egunak izango dira datozen hauek.  Izan ere, heldu eta ume, asteburu berean irtengo dute guztiek aurten lehenengo biderrez. Ohiturari eutsiz, Ferixa Nausiaren bezperan irtengo du Nagusien Danborradak. Aurten ere, 100 lagun inguru batuko dira plazan, bihar.  Etxeko txikienek ere ohi baino lehenago eduki beharko dituzte prest makilak eta danborrak; izan ere, aurten aurrenekoz, lehenengo asteburuan irtengo du Umeen Danborradak. Irailaren 1a izango da euren eguna, 18:30ean.


2014an denak batera


Datorren urtetik aurrera berrikuntzak izango dira. Mila Arroyo antolatzaileak aurreratu duenez, 2014an, heldu eta ume, guztiak batera irtetea da asmoa.  Gastatzaileak, kantinerak (elkarteko bana), banderadunak, danborrak eta upelak jotzen dituztenak, musika banda, sukaldariak... Guztiek batera egingo dute danborradaren ibilbidea.


Aurtengoari dagokionez, baina, Nagusien Danborradak 23:00etan dauka jarrita hitzordua. Plazan batuko dira Tangerretik jaitsi ondoren; Errekakale igaroko dute gero, eta Lagun Toki, Alkartu eta Pitxar elkarteetan egingo dute geldialdia. Hori baino lehen, Alkartun batuko dira, afaldu eta, bide batez, indarrak hartzeko.


20-25 urte antolatzaile diharduen Mila Arroyok gogoratu duen moduan, Elorrion 1969an irten zuen lehenengoz Nagusien Danborradak. “Lau bat urtez ez da egin, sasoian sasoiko arazo politiko edo protestek eraginda. Baina, bestela, urtero-urtero irten du. Umeen Danborradak 1968an irten zuen estrainekoz. Hori, baina, urte gehiagotan geratu da irten barik”.


Errelebo falta


Arroyok urte asko daroaz antolatzaile lanetan. Danborradan, ostera, behin baino ez du irten. Jubilatzeko asmorik duen galdetuta, errelebo falta ikusten duela dio: “Badut jubilatzeko gogoa, baina, erreleboa falta da. Nik neuk ere, trajea jantzi, entsaiatu, afaldu eta danborradan irteteko gogoa dut”, dio Arroyok.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!