"Txirrindulari Elkarteak historiako unerik onenetakoa bizi du gaur egun"

Anboto 2013ko abu. 29a, 16:52
Elorrioko Txirrindulari Elkarteko presidente Joseba Gorostizak irakurriko du jaiei hasiera emango dien pregoia. Txirrindularitza barru-barrutik bizi du. Lan asko eragiten dio, baina bere saltsan ibiltzen dela dio. Gustuko lekuan, aldatsik ez.

Elorrioko Txirrindulari Elkarteko presidente Joseba Gorostizak irakurriko du jaiei hasiera emango dien pregoia. Txirrindularitza barru-barrutik bizi du. Lan asko eragiten dio, baina bere saltsan ibiltzen dela dio. Gustuko lekuan, aldatsik ez.

 

Zeu bakarrik igoko zara balkoira?
Ez, Elorrioko Txirrindulari Elkarteko ordezkari batzuk igoko gara. Nigaz gainera emakumeen taldeko hiru txirrindulariak, eskola taldekoen izenean lau gazte, kadete bi eta zikloturista bi igoko dira. Zikloturistak errepideko eta mendi-bizikletako bana izango dira. Elkarteko sail denetako ordezkariak igotzea gura dugu.

Pregoian zer aipatuko duzu?
Laburra izango da, sei lerro ingurukoa. Gurekin ez daudenak gogoratuko ditugu, ohitura den moduan. Pregoia irakurtzeko gu aukeratu izana eskertuko dugu eta jai onak eta osasuntsuak izatea opa izango diegu denei.

Jaietan zer antolatzen duzue?
Herri gymkhana antolatzen dugu. Eguaztenean izango da, 19:00etan, eta aurten laugarrenez egingo dugu. Bizikletagaz osatu beharreko gymkhana izango da. Oso harrera ona izaten du eta pozik gaude.


Zuk zeuk zelan biziko dituzu jaiak?

Pregoiaren eguneko goizean kadeteen taldeak lasterketa du Zeberion eta han izango naiz. Hurrengo egunean, Txirrindularitza Eskolakoekin Lekeition lehiatuko dugu. Domeka arratsaldean, berriz, Ugaon beste lasterketa bat izango dugu. Bestelakoan, astelehenean, Koadrilen Egunean, lagunekin paella bat egingo dut. Oporrak ditut beste aste bitan eta…

Herriko jaiak dira, oporretan zaude eta txirrindulari gazteekin batetik bestera ibiliko zara.
Lan egiteko oporrak dira (barreak). Badaramatzat zazpi urte… Etxean ere esaten didate. Lasterketa bat dutela Asturiasen, beste batek beragaz joatea nahi duela Murtziara…

Zer jasotzen duzu ordainetan? Zer ematen dizu txirrindulari gazteekin horrela ibiltzeak?
Poztasun handia jasotzen dut. Jaietako aurkezpenean ere nire lana azpimarratu zuten eta pregoilaria izatea eta gehiago ere merezi nuela aipatu zuten. Baina txirrindularitza barrutik bizi dudalako egiten dut. Ez zait protagonista izatea gustatzen, ahal dudan guztian txirrindularitzaren alde lan egitea baizik, barrutik bizi dudalako. Agus Ruizen antzekoa naiz horretan.

Agus Ruiz, besteak beste, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea da eta zuk ere baduzu kargu bat.
Txirrindularitza eskoletako ordezkaria naiz eta pistaren arloan ere banabil. Eskoletako lana gehien asebetetzen nauena da. Urteak joan eta gaur egun afizionatuetan dabiltzan gazteak ikusterakoan, zutaz gogoratzea eta besarkada bat ematea oso gauza polita da. Edo gaur egun Ziortza Isasi zelan dabilen ikustea. Horrelako gauzek ikaragarri pozten naute. 

Ziortza Isasi aipatu duzunez, Espainiako erlojupeko txapelketan zilarra irabazi berritan, sasoi betean dabil.
Oso une onean dago. Txapelketa horretan salto sinestezina eman du. Alicia Gonzalez (erlojupekoan irabazlea) fenomeno bat da.  Iaz Gonzalezengandik ia 40 segundora sailkatu zen eta aurten bederatzi ehuneneko aldea bakarrik egon da bien artean. Horren atzean sakrifizio handia dago. Inork ez daki zenbat lan egin duen lortu duena lortzeko.

Zeu ere txirrindulari izana zara.
Durangoko Txirrindulari Elkartean hasi nintzen, gazte mailara arte. Gerora, esaterako, Iñaki Aiartzaguena eta Iñigo Cuestagaz ibili izan nintzen, neure kintakoak dira. Afizionatuetan hainbat taldetan ibili, mundu osoan lehiatu eta bizipen asko bizi izan nituen. Pistan ere ibili nintzen; Nestor Lejarretak asko irakatsi zidan. Asko eskertzen diot Nestorri irakatsi zidana.

Zer unetan dago orain Elorrioko Txirrindulari Elkartea?
Gaur egun historiako unerik onenetakoa bizi dugu. Txirrindularitza Eskolan 30 gaztetxotik gora dugu. Bizkaiko eskolarik handienetakoa gara, eta Euskal Herriko handienetakoak garela ere esango nuke. Elkartean gauden denon artean egindako lanaren ondorioa da. Kadete mailako hamalau txirrindulari ditugu. Bizkaian beste inork ez du hainbeste kadeterik. Durangoko Txirrindulari Elkarteagaz elkarlanean dugun proiektu ilusiogarri baten ondorioa da. Laurogei zikloturista ere baditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!