Eskolara bidean segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea. Helburu hori dauka udalak datorren ikasturteari begira. Hainbat neurri adostu ditu guraso elkarteagaz, prentsa ohar bidez adierazi dutenez. Esaterako, herri ikastetxerako sarrera lekuz aldatuko da, Goieta kalera.
Goieta kalea norabide bakarrekoa izango da, eta oinezkoentzako prestatuko dute: margotu, babestu eta seinalizazioa ipiniko dute. Ikastetxearen inguruan, gehienez 30 kilometro orduko abiaduran joan ahal izango da, eta horretaz ohartaraziko dute. Autobusen sarrera Berriozabalbeitia kaletik egingo da, eta ikastetxe sarreran ezingo da aparkatu. Gainera, barruan bizikletetarako aparkalekua egokituko dute. Bilduk maiatzean kritikatu zuen oraindik arriskua zegoela bide horretan.