Udaleko inkesta gaztelaniaz izatea kritikatu du Bilduk

Anboto 2013ko uzt. 19a, 09:48
Inkesta gaztelaniaz izatea, anonimoa ez izatea eta erabilitako adin tartea txarretsi ditu Bilduk

Inkesta gaztelaniaz izatea, anonimoa ez izatea eta erabilitako adin tartea txarretsi ditu Bilduk.

 

Udala inkesta bat egiten dabil egunotan, bere zerbitzuek herritarrengan daukaten harrera neurtzeko. Bilduk adierazi du hainbat herritarren kexak jaso dituztela, eta inkesta kritikatu du. Alde batetik, galdetegiak gaztelaniaz izan direla txarretsi dute. Bestetik, ez dela anonimoa izan, eta adin tarte txikiegia ezarri dutela uste dute.

 

Bilduko zinegotzi bati ere egin ei diote inkesta gaztelaniaz. “EAJk euskararekiko inolako irizpiderik ez duela salatu nahi dugu. Inkesta honekin gertatu dena udaletxeko egunerokoan euskararekiko duten sentsibilizazioaren adierazgarri bikaina da”. Inkesta egin duen enpresari euskaragaz lotutako irizpideak ez ematea leporatu dio Bilduk EAJri. Euskara saila eta teknikaria ez direla informatuta egon esan du Bilduk.

 

Ana Otadui alkatearen iritziz, Bilduk esandakoa ez da zuzena. “Inkesta euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egon da; inkestatuak aukeratutako hizkuntzaren arabera egin dira inkesta guztiak. Egindako inkesten %15 euskara hutsean egin dira”.

 

Bestalde, galdetegia izen eta abizenekin egin dela dio Bilduk. “Ulertezina egiten zaigu horrelako inkesta bat anonimoa ez izatea". Inkestatuen adin tartea18-35 izatea ere ez zaio gustatu. Horregaz ere kexak batu ei ditu.  “Akaso beraien interesetan pentsatzen ibili dira, igerilekuen alde egin dezakeen adin tartea delako?”, galdetu dute. Otaduik adierzi du kasu hauetan esandakoa ere ez dela zuzena. esan zu inkestatuen izenak ez direla udalean jasoko, eta adin guztietako jendea galdekatu dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!