Elorrioko Txirrindulari Taldeko presidenteak emango die jaiei hasiera abuztuaren 31n.
Elorrioko Udalak Ferixa Nausikoetako jai egitaraua aurkeztu du. Joseba Gorostiza Elorrioko Txirrindulari taldeko presidenteak botako du txupina jaiei hasiera ofiziala emanez. Ana Otadui Elorrioko alkateak Gorostizak herriko txirrindularitza bultzatzeko egindako ahalegina azpimarratu du prentsaurrekoan. Gorostizak txupinazoa jaurtitzea "ohorea" dela azaldu du eta bere inguruan txirrindularitza bultzatzen diharduten gainerako pertsonak gogoan izan ditu.
2013ko Ferixa Nausikoek 139.000 euroko aurrekontua dute. Diru-atal gehienetara iazkoagaz alderatuta %10 gutxiago bideratu dutela azaldu du Otaduik: "Ferixa Nausikoetako diru-atala da jaitsi ez duguna, iaz murrizketa izan zuelako". Aste bitarteko ekitaldietan murriztu dutela gehien diote jaien antolatzaileek. Alkatearen berbatan, herritarrek parte hartzen duten ekitaldiak indartu gura izan dituzte. Aurten gainera, jai batzordea koadrilekin bildu da hainbat ekitaldi antolatzeko. Karrozen jaitsiera izan da foro berri honetako eztabaidagaietako bat. Aurten 10 karrozek eman dute izena dagoeneko: "Uztailaren amaieran beste batzar bat deituko dugu, beraz, koadrilaren batek edo norbanakoek parte hartu gura badute aukera dute oraindik", dio jai batzordeko kide batek.
Jaietako nobedadeetako bat Elorrioko I. Artzain Txakur Lehiaketa da. San Agustin auzoan orain 20 urte inguru antolatzeari utzi zioten txapelketa berreskuratuko dute.
Kartel lehiaketa
Maialen Arregi da aurtengo Ferixa Nausikoetako kartelaren egilea. 27 urteko arkitektura ikasleak 500 euro jaso ditu Anbotoren eskutik. Jone Guenetxea astekariko zuzendariaren berbatan, "epaimahaiak aho batez erabaki du Maialenen kartela saritzea".