Lapurreten aurrean garraiolariek patruilak egiteari ekin diote

Anboto 2013ko uzt. 4a, 11:15

Gauetan gasoleoa lapurtzen dietela-eta, patruilak antolatu dituztela azaldu dute kamioi gidariek

Gauetan gasoleoa lapurtzen dietela-eta, patruilak antolatu dituztela azaldu dute kamioi gidariek.

 

Goizean kamioia hartzera doazen hainbat garraiolariren berbatan, sarritan sorpresa desatseginagaz topo egiten dute Elorrion. Lapurrek gasolina hartzen dietenez, ibilgailua isiotu ere ezin izaten dute egin. Lapurretak iaz hasi zirela diote, baina aurten nabarmen hazi dela kopurua: “Gau batean, 700 litro ostu zizkiguten hiru kamioitan”.

 

Duela urtebete, Elorrioko Udalak eta Ertzaintzak hitzarmena sinatu zuten gauetan ertzainek herrian patruilatzeko: “Orain Elorrio seguruagoa dela esan ziguten, baina lapurrentzako abisu bat beharrean, kontrako efektua egin zuen, eta eurentzako deia izan zela dirudi”. Azaldu dutenez, 10-15 salaketa jarri dituzte dagoeneko. “Udaletik berba onak entzun ditugu, baina ez dugu ekintzarik ikusi”. Egoera honen aurrean, gauetan patruilak jarri dituzte martxan.

 

Udalaren alternatiba

Joseba Mujika alkateordeak dioenez, “arazoa aztertu dugu, eta salaketa pare baino ez daudela ipinita ikusi dugu. Lapurreta gehienak Betsaide industrialdearen inguruan gertatzen direnez, alternatiba bat eman diegu. Eroskiko aparkalekuan aparkatzea”. Mujikak dioenez, ez da onargarria esatea udalak ez duela ezer egin, astero Ertzaintzagaz egoeraren jarraipena egiten baitute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!