Astelehenean hasiko da Eskapararte, inoiz baino partaide gehiagogaz. Abuztua amaiera arte egongo da 25 dendatan argazki erakusketa.
Elorrioko Argazkilari Taldeak antolatzen duen Eskaparartek laugarren edizioa beteko du aurten. Astelehenean hasiko da, inoiz baino partaide gehiagogaz. 25 argazkilariren lanak egongo dira ikusgai herriko 25 komertziotan. "Argazkia herritarrei hurbiltzea da helburua, era desberdin batean", esan dute antolatzaileek. Eta, ekimena urterik urte sendotuz doala uste dute: "Ekintza, herritarren artean ezagun izatea lortu dugula uste dugu. Urtero, ikusleen aldetik harrera ona izan du eta dendarien eta argazkilarien arteko esperientziak hobetuz, lan ikusgarriagoak lortu ditugula uste dugu".
Udaletxean eta Iturrin mapa bat egongo da eskuragarri, erakusketa osoaren informazioa batuko duena. Horretaz gainera, Parra tabernan beste erakusketa berezi bat ipiniko dute, Elorrioko Argazkiak izenpean.