Balentin Berriotxoa elorriarra duela 25 urte izendatu zuten santu eta, horregatik, berezia izango da aurtengo Berriotxoa Eguna. Gaur, uztailaren 4a jaiegun handia izan ohi da herrian.
Santa Ana monasterioan ospatutako mezagaz hasi dute gaur eguna, 08:30ean. Meza nagusia, berriz, 12:30ean izan da. Horretarako, udaletxetik abiatu eta Sortzez Garbiaren Basilikaraino kalejira egin dute agintariek, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Ana Otadui alkateak, Oskar zarrabeitia Amankomunazgoko lehendakariak eta Iñaki Oiarzabal PPko ordezkariak parte hartu dute, besteak beste.
Gainera, 18:00etan pilota partiduak egongo dira HIlario Azkarate frontoian, eta, 19:00etan Kriskitin dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du; meza ere ordu horretan Sortzez Garbiaren Basilikan.
Egunagaz amaitzeko Berrio Otxoa Abesbatzak eta Lezamako Orfeoiak kontzertua eskainiko dute, Santa Ana konbentuan. Abesbatzen emanaldiak 20:00etan hasiko dira.