Angioko errota eta ingurua eta Zumelegi erreka garbitu zituzten. Oharrean esan dute ikaragarria izan zela errekatik ateratako zabor pila: zaborra poltsakadaka, txatarrak, kableak, beirak, etxetresna elektrikoak...
EH Bilduk zapatuan auzolana deitu zuen Angioko errota eta ingurua eta Zumelegi erreka garbitzeko. Balorazioa egin dute eta prentsa oharra bidali dute hori helarazteko: "Lanak amaituta, parte-hartzaileen poz aupegietan islatzen zen ekimenaren arrakasta". Angion egindako lana nabarmena dela esan dute. "Ganoraz antolatuta eta lan ordu gutxi batzuekin, Amazoniako oihana ematen zuena aisialdirako zelai polit bihurtu zen". Errekatik ateratako zabor pila ere aipatu dute: zaborra poltsakadaka, txatarrak, kableak, beirak, etxetresna elektrikoak…
Ekimenaren balorazioa ona da antolatzaileentzat: "Honek guztiak garbi uzten du bide honi jarraitu behar diogula eta auzolan egun gehiago antolatu behar direla". Kontzientzia piztu eta eredu praktikoa izateko sustatu gura du auzolana EH Bilduk. "Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera egiteko tresna bihurtu nahi dugu auzolana", esan dute.