Zientziarekiko interesa erakutsi dute Elorrioko Institutuko ikasleek, Europa mailako lehian

Anboto 2013ko eka. 25a, 08:37

Europa mailako Stimula proiektuan parte hartu dute Elorrioko Institutuko ikasleek. Zientziarenganako interesa piztea da egitasmoaren helburua, eta bideratzeko lanetan dabil Elhuyar Fundazioa. Gainera, Alemania, Errumania, Irlanda eta Zaragozako (Espainia) erakundeek ere sustatzen dute Stimula

Europa mailako Stimula proiektuan parte hartu dute Elorrioko Institutuko ikasleek. Zientziarenganako interesa piztea da egitasmoaren helburua, eta bideratzeko lanetan dabil Elhuyar Fundazioa. Gainera, Alemania, Errumania, Irlanda eta Zaragozako (Espainia) erakundeek ere sustatzen dute Stimula.

 

Europatik emandako dirulaguntza bategaz bideratu dute, eta urte birako iraupena dauka. Momentuz, proiektuaren barruan garatutako lehiaketa zelan geratu den argitaratu dute: Elorrioko bost ikaslek osatutako taldeak irabazi du, irlandarregaz batera. Nerea Castro, Oihane Igartua, Ander Garcia, Iñigo Gallastegi eta Victor Bernedo izan dira saridunak.

 

Elhuyarreko Danel Solabarrieta koordinatzaileak azaldu du proiektuak hiru atal dauzkala: lehiaketa, inkestak eta zientziagaz lotutako irteera bat. Elorriarrak Tecnaliaren egoitzara joan dira, esaterako.

 

Erle inbaditzailea aztergai

Lehiaketaren oinarria esperimentu zientifiko bat garatzea zen. Elorriarrek espezie inbaditzaileen gaia lantzea erabaki zuten, eta zehatzago esanda, erle inbaditzailearena. Zorione Fundazuri irakasleak azaldu du eurek egindako lana: “Ibili ziren euren kontura mendira joan eta tranpak ipintzen, erlezain batengana joan, eta elkarrizketa egin zioten...”. Hiru-lau astetan egin zuten ikerketa, eta curriculum normala geratu behar izan zuten horretarako, Fundazurik adierazi duenez. Baina, irakasleentzako zein ikasleentzako aukera itzela izan dela ohartarazi du. Zientziarekiko gogoa aurretik eduki izan dutela azaldu du Fundazurik, eta orain gogotsu egin dutela lan.

 

Ikasleak tranpak ipintzen ibili dira gusturen. Botilak moztu, eta koñaka, anisa, eta azukrea nahasten zituzten bertan. Horrela, erleak erakartzen zituzten. Elorrioko erlezain bati elkarrizketa egin eta grabatu egin zuten, bere iritzia jasotzeko. Ikastetxeko ikasle baten senidea da, eta horregatik jo zuten berarengana. Antza denez, erlezain honek ez du ikusi erle inbaditzailerik bere erlauntzetan.

 

Ondorioak

Elorriarren lana epaileei gustatu eta saria ematea erabaki zuten. Ikasleek ez zuten espero lehiaketa irabazterik, sorpresa izan dela aitortu dute. “Klaserako lan bat bezala hartu genuen”, aipatu dute. DBHko 3. malakoak dira irabazleak. Proiektuagaz jarraituz, garrantzitsua izango ei da inkesta edo galdetegietatik irtengo diren emaitzak. Hori azaldu du Solabarrietak. Bere ustez, ondorioetako bat curriculuma egokitu beharra izango da: “Horrelako lanak egitea asko gustatzen zaie ikasleei, irakasleei ere bai, eta emaitza ona izaten da. Baina arazo handiena da, curriculumean landu behar izaten diren gauzak geratu eta denbora hartu behar dutela hori egiteko”. Fundazurik eman du egoera horren adibidea: “Zientzietako arloan gertatzen dena da praktikotasuna teoriak jaten duela askotan, aparteko lan bat eskatzen duelako. Jarduerak norberak landu behar izaten ditu, dauzkazun baliabideetara egokituta”.

 

Zientzien inguruko bokazioa, Elorrion behintzat, piztu dute Stimularen bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!