Auzoko jendeagaz eta kanpotik etorritako hainbat lagunekin osotutako postuak ipinita egingo dute gaur Antzinako Ogibideen Azoka San Agustinen. Goizeko 11:00etatik aurrera, hainbat erakusketa egongo dira aukeran. Elizako bisita gidatua da aurtengo nobedadeetako bat.
Errementariak, buztinlariak, upelgileak, zurginak, eskribauak... Lehenagoko denboretako hainbat ofizio berriro ikusi ahal izango dira gaur, Elorrioko San Agustinen. Auzoak antzinako itxura hartuko du; antzezleek ere horretan lagunduko dute. Auzokideak eurak ere, antzinako erropak soinean, hainbat lanpostutan jardungo dute. Aurten ukendugintzan ibiliko dira lehenengoz; auzokideek eurek ukendua prestatuko dute.
Gainera, 12:30ean eliza bisitatuko dute, auzoko Rikardo Ajuria historiolariaren eskutik. Elizaren historia eta Tabirako konteen ingurukoak edukiko ditu berbagai. Taberna ere egongo da, eta 13:00etan txerri-okelazko pintxoak emango dituzte.
Kanpotik etorritako hainbat lagun izango dituzte, Olazar auzo elkartekoek, lagun. Papergintza, larrugintza eta txondorgintzako tailerrak egongo dira, besteak beste. Mamorru antzerki taldeko kideak ere bertan izango dira, beste edizioetan moduan. Erdi Aroko soldaduen erropak eta armak erakutsiko dituzte, eta antzezlana eskainiko dute. .Arratsaldean hegazti harraparien erakustaldia egingo dute.
2003an lehenengoz
2003an antolatu zuten lehenengo aldiz azoka berezia auzoan: "Orduantxe 950 urte betetzen ziren San Agustin sortu zela, eta zer edo zer antolatu gura izan genuen", azaldu du Josi Bernas auzokideak. Erdi Aroko azoka izan zen lehenengo, eta gero, antzinako ogibideetan zentratzea erabaki zuten, "ikutu desberdina emateko".